Asier Altuna zuzendariaren 'Amama' filma estreinatu dute Sail Ofizialean. Baserriko bizimoduaren eta kalekoaren arteko talka irudikatzen ditu. Klara Badiola familia protagonistaren ama da.
Klara Badiola aktorea, ‘Amama’ filmaren aurkezpenean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Jokatzen dituen pertsonaiez hitz egitea kosta egiten zaiola aitortu du Klara Badiolak (Parte Zaharra, 1954), baina xehetasun handiz kontatu du zein den Asier Altunaren lehen film luzean.
Amama filmean, Isabel baserri batean bizi den lau belaunaldiko familiaren ama da: «Nahiz eta unibertso hori bizi, lan egin eta ulertzen duen, ikusten du aldaketa izugarria datorrela, batez ere bere seme-alabengan. Ez dago tradizioarekin itsututa. Argi ikusten du haustura bat dagoela aita eta seme-alaben artean. Berak aukeratu behar du zein paper jokatzen duen unibertso horretan».
Eta erabakia hartzen du, bere senarrari (Kandido Uranga) aurre egitea, iraganari eta tradizioari aurre egitea. Hain zuzen, bere pertsonaiak irekitzen du zirrikitu bat giro itogarri horretan. Seme-alabak baserrian geratzea nahi du aitak, baina Isabelek erabakitzeko libre izatea nahi du. Klararen pertsonaia erdibidean baitago, kalearen eta baserriaren artean. Seme-alaben eta aitaren arteko zubia da: «Eszena batean ere alabak esaten dio, ‘Zuk beti aitak esaten duena egiten duzu’. Hori gure gurasoei ere esan izan diegu. Baina ikusten duenean hortik aurrera ezin dela segi, eta zerbait egin behar dela, hor planto egiten du, tinko».
Asier Altunak emakumeen pelikulatzat jo du
Amama. Gizonen mundua bukatzen ari dela –isiltasunarena, autoritatearena, indarkeriarena– esaten da filmean, mundu zakar eta tradizional batetik mundu askoz sentsible baterako bidea egiten hasia dela. Badiolaren ustez, unibertso eta bizimodu baten bukaera irudikatzen du filmak: «Baserria ez zen soilik etxe bat. Ikuspegi bat, lan egiteko modu bat, harremanak izateko modu bat… Hori guztia zen, eta aldatzen ari da. Emakumeek paper handia dute aldaketa honetan, eta gizonek are gehiago, gehiago aldatu behar direlako. Emakumeak dira transmisio hori lortu dutenak. Lurrarekiko maitasuna eta horrelako balore primitiboak barruan daramatzate, baina ausartak dira aldatzeko garaian».
Gidoian, hasieratik
Amama filmaren gidoian eta zirriborroan hasieratik izan zuen Klara Badiola aktoreak bere papera. Altunak ez zuen zalantzarik izan, Kandido Uranga eta Badiola izango ziren familia honen gurasoak. Aktore donostiarrarentzat izugarria izan da Asier Altunarekin lan egitea. Ez zekien Amama bezalako proiektu bat esku artean zuenik ere. Lehen aldiz lan egin du zinemagile bergararraren esanetara: «Zorrotza da Asier, baina segurtasun handia ematen zidan, nahi zuena lortu arte ez zelako gelditzen. Beraz, zerbait ontzat ematen duenean badakizu beretzat oso ondo dagoela. Segurtasun horrekin erraza da lan egitea, eta Asierrekin berarekin lan egitea oso erraza da».
Altunak sortutako unibertsoan murgilduta gustura ibili da Badiola: «Hiritarra naiz, Donostian bizi izan naiz, baina nire aiton-amonak baserrikoak dira. Gogoratzen dut txikia nintzenean nola joaten ginen beraiengana. Filmarekin bat-batean hori guztia berreskuratu dut, txikitako sentsazioak berreskuratu ditut. Oso magikoa izan da, Amparo Badiolak –Amamaren pertsonaia egiten duen aktorea– esan duen bezala».
Filmatzen aritu ziren egunak gozamena izan zirela dio: «Hilabete eta erdi eman genuen baserri batean, mendi puntan, eta giro izugarrian lan egin genuen. Oso ederra izan da. Errezilgo baserri batean, Aldatz herrian eta Artikutzan filmatu genuen pelikula. Paisaiak eder ederrak dira, eguraldi ona egin zuen… Dena primeran atera zen».
Donostia Zinemaldian egotea lan talde guztiarentzat garrantzitsua dela uste du Badiolak, batez ere Asier Altunarentzat, zuzendari gisa. Euskararen normaltasunerako ere inportantea da euskarazko film bat egotea nazioarteko jaialdi batean: «Filma euskaraz eginda dago, eta Sail Ofizialean euskara entzuteak poz handia ematen dit. Euskararen presentzia normalizatu egin behar da, ezinbesteko pausoa da».
Istorio unibertsala
Nahiz eta Euskal Herrian girotuta eta euskaraz filmatuta egon,
Amama filmak istorio unibertsal bat kontatzen duela azaldu du: «Pertsonen esentziaz eta lurraren esentziaz ari da Amama. Edozein tokitan uler dezaketeela uste dut. Euskararen inguruan aurreiritziak izan ditzakeela norbaitek? Ez dakit, baina guk bide honetatik jo behar dugu. Film afganiar bat oso ona dela esaten badidate, ikustera joango naiz. Filmak jatorrizko hizkuntzan ikustea gustatzen zait, hizkuntza bakoitzak bere sonoritatea baitu».
Orain, lan guztia egin dutela, lan taldeak Zinemaldiaz gozatzeko momentua dela dio Badiolak. Alfonbra gorritik kanpo ere, ikusle gisa, Zinemaldiaren ikusle fidela izandakoa da: «Garai batean asko ibiltzen nintzen, gero denborarekin, gutxiago. Askotan lanean harrapatu nau, edo kanpoan. Niri gustatzen zait film arraroak ikustea. Horretara joaten naiz Zinemaldira. Hemendik gutxira zinema areto komertzialetan estreinatuko direnak ez ditut ikusten jaialdian».
Euskadiko Filmategiaren
Actores secundarios vascos argitalpen bilduman erretratatu zuten Klara Badiola. Protagonista paperak lortzeak ez dio loa kentzen: «Protagonista izateko aukera duzunean, epe baterako da. Zinemagintzan aktore izatea erabakitzen baduzu, paper pilo bat egingo dituzu, eta ez denak protagonistak, noski. Ezin da. Bigarren paper batzuk daude ikaragarriak direnak. Gainera, protagonista ez da ezer bigarren aktorearen lanik gabe. Nik egin ditut bigarren paper batzuk oso aberasgarriak eta politak. Paperari ematen diot garrantzia, horrek ematen dit bizitza».
Gehien gustatu zaion pertsonaia zein den esatera ez da ausartzen: «Azkena izaten da gustukoena, gehien gogoratzen duzuna delako. Horrek ematen dizu ilusioa eta poza momentuan. Behin elkarrizketa batean, denboran atzera egin nuen, eta pentsatu nuen…’Zein emakume politak, gogorrak eta samurrak egin ditudan’. Nire pertsonaia guztiak barruan ditut, horiek guztiak ni naizelako azken finean».
Zinemaldi Alternatiboaren alde
Kulturgileek Groseko gaztetxearen alde idatzitako manifestua sinatu du aktoreak, eta bertan egin ohi duten Zinemaldi Alternatiboaren alde agertu da. Duela hiru urte parte hartu zuen
100 metro filmaren harira egindako proiekzio batean, hizlari gisa: “Gauza asko egiten dituzte, eta fundamentu askorekin gainera. Deitu zidaten proiektuaren aldeko atxikimendua emateko, eta noski eman nuela. Iruditzen zait hiri batean leku bat behar dutela, eta horrelako jende aktiboa eta langilea behar dela. Pena izugarria emango lidake hori bat-batean desagertzea. ‘Zer aukera ematen duzu horren ordez?’. Espazio alternatibo horik ezinbestekoak dira aurrera egiteko. Sortzea geldiezina da, eta ezin dizkiozu oztopoak jarri”.