"Azken egunetako gertakariek ere lekua izango dute dokumentalean"
Desalojo arriskuari aurre eginez, Zinemaldi Alternatiboa egiten ari dira Kortxoenean.
Zinemaldi Alternatiboaren hirugarren eta azken eguna da gaurkoa. Ziurrenik unerik berezienak biziko dituzte gaur, urtebeteren ondoren Kortxoenea, irautea sortzea delako dokumentala aurkeztuko baitute gaur 19:00etan. Gaztetxearen 5. urtemugaren harira egindako ikus-entzunezkoa da, eta autogestioa Donostian ikusgarri egitea dute helburu gisa.
IRUTXULOKO HITZA Zinemaldi Alternatiboaren lehen egunean izan zen Kortxoenean. Jaialdia antolatu duten kideetako batekin, Markel Ormazabalekin hitz egin du Zinemaldi Alternatiboak egindako bideaz, kulturaren merkantilizazioaz eta gaztetxeari buruzko dokumentalaz. Alberto Peñalbarekin ere izan da. Kataluniako independentzia prozesuari buruzko Radikales libres dokumentala egin du Jakue Pascualekin batera, eta Kortxoenean aurkeztu du, Katalunian piztutako eztabaida hona ekartzeko asmoz.
Zinemaldi Alternatiboari buruzko bideoa Zurriolako Butaka saioan eman dute gaur streaming bidez, eta Hamaika Telebista-n ikusi ahal izango da gaur bertan 20:00etan. Berria, Hamaika Telebista, Gaztezulo eta Irutxuloko Hitza-k Donostia Zinemaldiari buruz elkarlanean egin duten saio berezia da.