Glamourra baino, zinema independentea omendu zen
Duela hamar urte Donostia Saria jaso zuen Ben Gazzara aktoreak.
Marisa Paredes aktore espainiarrak eman zion Donostia Saria Ben Gazzara aktoreari 2005eko Zinemaldian; glamourra baino, zinema independentea omendu zen. Izan ere, Hollywoodeko izar distiratsuen itzalean hezi eta hazi zen Ben Gazzara. Antzerkian eman zituen lehen urratsak; Broadwayen. Bertan, Tenessee Williams-en Cat on a Hot Tin Roof antzezlanak eman zion ospea. Actors Studio eskola entzutetsuan landu zuen interpretazioa, eta 50eko hamarkadaren bukaeran — telebistan arrakasta lortu eta gero— zinema ibilbide oparoari ekin zion. Hala, Otto Preminger zinemagilearen Anatomy of a Murder apartak egin zuen ezagun. New Yorkeko aktorea 2012an hil zen.
Marisa Paredes aktore espainiarraren eskutik jaso zuen Ben Gazzara aktore estatubatuarrak Donostia Saria. Paredesek Gazzarak arriskua eta kalitatea uztartu dituen aktore aparta zela nabarmendu zuen. Gazzarak saria eskertu zuen eta bere aktore ibilbidean eragina izandako idazle, aktore eta zinemagileak izan zituen gogoan. Baita Julian Schnabel ere. Emazteari ere hitz batzuk eskaini zizkion. Ikusleen txaloak eskertu eta gero, «agur» esanez utzi zuen eszenatokia.