Senideak, larriki gaixorik daude presoen izenak zeramaten kartelekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Milaka lagunek herri sare bat osatu dute larunbata arratsaldean, Kursaal eta Sagues artean. Zinemaldiaren azken egunean egin dute mobilizazioa, eta, jaialdiaren testuinguruan, larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatu du Sarek: “Berandu baino lehen, gaixorik dauden presoen eskubideez gain, preso guztien eskubideak errespetatzea lortuko dugu; idatz dezagun gidoia”.
Protestaren ekitaldi nagusia Bakearen Usoan egin dute, bertan jarritako oholtzan, Zurriola hiribide osoa zeharkatu eta gero: “Filmeak bukatzen dira, baina presoen dramak amaierarik ez duela dirudi”, esan dute. Hala ere, bukaera zoriontsua izateko borrokatuko dutela aurreratu dute, “gure esku” dagoela nabarmenduta: “Gizatasunik gabeko kartzela politikaren aurrean, zentzuzkoa da gaixorik dauden presoak etxeratzea”, aldarrikatu dute.
Kursaaletik Saguesera egindako martxaren buruan, larriki gaixorik dauden presoen izenekin kartelak eraman dituzte senideek; bertan zegoen Jagoba Codoren kartela, gaixo dagoen preso amaratarrarena. Hauen atzetik, milaka lagunek egin dute ibilbidea, “gaixo larriak etxera” eta “giza eskubideak non daude?” oihuen artean.
Bakearen Usoaren ondoan egin dute amaiera ekitaldia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)