‘Stesti’ filma, ezusteko garailea
Bohdan Slama zinemagile txekiarraren Stesti filmak irabazi zuen Urrezko Maskorra 2005eko Donostia Zinemaldian. Zuzendari txekiarraren filma ez zegoen hautagai nagusien artean. Hala ere, film onenaren Urrezko Maskorra ez ezik, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra ere bereganatu zituen.
Zinema kritikariak eta epaimahaikideak ez ziren bat etorri beste behin. Montxo Armendarizen Obaba, Michael Winterbottom-en A Cock and Bull Story eta Stephane Brizeren Je ne suis pas la pour etre aime filmak baitziren kritikaren hautagai nagusiak. Paradoxikoa bada ere, aipatu film horietako bakar batek ere ez zuen saririk eskuratu.
Enrico Lo Verso sail ofizialeko epaimahaikide eta aktore italiarrak gidoi onenaren saria eman zion Sommer vorm balkon film alemaniarraren gidoilari Wolfgang Kohlhaase-ri. Argazki onenarena, berriz, Xiang Ri Kui pelikulako argazki zuzendari Jong Lin txinatarrarentzat izan zen. Jarraian, lau sari nagusiak banatu ziren. Veronica Forque aktorearen eskutik jaso zuen gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Juan Jose Ballesta aktore espainiarrak. Ekitaldiko unerik dibertigarriena izan zen. 7 virgenes filmeko protagonista gazteak saria irabazi zuelako oso pozik zegoela esan, eta eskerrak eman eta gero, hitzik gabe geratu zen, bat-batean. Ikusleen txaloei esker galdutako haria berreskuratu zuen, eta, ondoren, filmeko talde guztiari, familiari eta Angelillo eta adiskide minei eskaini zien saria.
Ana Geislerovarentzat izan zen emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Eta, Zhang Yang txinarrak, bigarren aldiz jaso zuen zuzendari onenarena. Bukaeran, Anjelica Houston-en eskutik jaso zuen Urrezko Maskorra Bohdan Slamak. Zinemagile txekiarrak saria hala eskertu zuen: «Ez dut ia sinesten Stesti filma garaile izan denik. Oso pozik nago film honen bitartez, barrearen bitartez, bizitzari buruzko gauza asko ikas ahal direlako. Eta, horrek, zoriontsu egiten nau».