Bilduk 10 zuzenketa aurkeztu dizkio zerga eta tasen ordenantzari
Udal gobernuak baino igoera txikiagoak proposatuko dituzte.
Urrian egingo dute zerga eta tasen inguruko osoko bilkura, eta oposizioko taldeek prest dituzte euren zuzenketak. PPk eta Irabazi Donostia taldeek pasa den astean erakutsi zuten beren asmoa. Gaur, berriz, EH Bilduren txanda izan da. Josu Ruiz zinegotziak eman du aurkeztuko dituzten zuzenketa eta proposamen nagusien berri.
Bilduren helburua kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea dela adierazi du Ruizek. Hainbat igoera proposatu dituzten arren, egungo egoera ekonomikoa aintzat hartu dutela adierazi du. Hala, familien gaineko zama gutxitu eta jarduera ekonomikoen gainekoa igotzea proposatuko dute.
Terrazei dagokionez, 1. eta 2. mailako kaleetan (Erdialdekoak edo Bulebarra, esaterako) terrazen gaineko tasa %5 igotzea proposatu du udal gobernuak; gainerako kaleetan %3. EH Bilduk ez du aldaketarik proposatu lehen eta bigarren mailakoen artean, baina 3. mailako kaleetan (Amara eta Grosekoak, esaterako) %3a igoko luke; 4. eta 5. mailakoetan (Egia, Altza, Bidebieta, esaterako) ez luke igoerarik egingo.
Proposamen berezi bat ere egin dute Parte Zaharrerako. Ruizek argitu duenez, berez hirugarren maila dute Parte Zaharreko kale gehienek. Baita Konstituzio Plazak ere, baina %75eko gainordain bat dute bertako terrazek. Bilduk errekargu hori aldatzea proposatuko du. Konstituzio plazari %150a igoko lioke. Hala, 1. mailako eremu bihurtuko litzateke eta Bulebarreko terrazek beste ordainduko lukete plazakoek. Gainerako kaleetan %3ko igoera proposatuko dute.
Ibilgailuen gaineko zergari %1 igotzea jaso du udal gobernuaren ordenantza berriak. Bilduk indarraren arabera zehaztu du igoera, %0,5etik %4ra arteko igoerarekin. Horrela, indar gehien duten ibilgailuek gehiago ordainduko luketela adierazi du Ruizek.
Ondasun Higiezinen zergari dagokionez, %1a igotzea proposatu du udal gobernuak; Bilduren ustez, %0,75eko igoerarekin nahikoa litzateke. Etxebizitza hutsen gaineko zerga, berriz, %25etik %50era igoko lukete.
Ekonomia jardueren gaineko zerga %1ean igotzea aurreikusten du ordenantza berriak. Bilduk %2ko igoera proposatzen du.
Saneamendu zerbitzuaren gaineko zerga, berriz, %5 igo nahi du udal gobernuak. Ruizek adierazi duenez, “gehiegizko igoera” da hori; %1ekoa da euren proposamena. Zaborren kasuan, %5eko igoera egin nahi du udal gobernuak, bai jarduera ekonomikoentzat eta baita etxeetarako ere. Bilduk igoera hori bereizi egiten du, eta %1eko igoera aurkeztu du etxeetako tasan.
Bilduren arabera, euren neurriekin jasoko litzatekeen diru kopurua txikiagoa da udal gobernuaren ordenantzarekin aurreikusten dena baino.