Hiri lagunkoiago bat sortzeko jardunaldiak egingo dituzte.
Donostia Lagunkoia proiektuko kideak, udal ordezkariekin batera. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urriaren 1ean, osteguna, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Donostia Lagunkoia proiektuko kideek egun osoko jardunaldiak egingo dituzte. Eremu publiko lagunkoiagoen inguruan gogoeta egin eta Donostiako kasua aztertzea dute helburu.
Kide horietako batzuk udaletxean izan dira gaur. Adineko pertsonen beharrak sarritan ezkutuan geratzen direla salatu dute. Halaber,
gizartearen %22a osatzen dutela aldarrikatu dute, eta hemendik urte gutxira kopuru hori bikoiztu egingo omen da. Horregatik,
hirigintza proiektu berrietan irisgarritasun neurriak kontuan hartzeko eskatu du, esaterako, Miguel Saguesek; “sarri ez gara ohartzen orain egindako aldaketak ondorengo belaunaldientzako gelditzen direla. Orain ondo egiten bada, etorkizunean ondo egongo da”.
Adineko pertsonak “herritar aktiboak” direla aldarrikatu dute, eta “gizarte osoaren onurarako” lana egiteko prest daudela.
Asmo horrekin egingo dituzte osteguneko jarduerak ere.
Egitaraua
–
10:00etatik 12:00etara, espazio publiko lagunkoien inguruko solasaldia egingo dute Topalekun, Aiete.
–
12:30etik 14:00etara, hiria egokitzeko Arkitektura eskolako ikasleek eta adineko hainbat pertsonek elkarlanean egindako ereduak erakutsiko dituzte, Arkitektura eskolan.
–
16:00etatik 18:00etara, udal teknikariekin batera Donostiako eremu lagunkoiak eta beharrak aztertuko dituzte, Donostia 2016 Gunean.
-18:15etik 19:00etara, eztabaida irekia egingo dute egun osoko ideiak aztertuz, Donostia 2016 Gunean. Gainera, Kultur Hiriburutzaren harira, 60 urtetik gorako 16 pertsonek hiriko 16 gune aukeratu dituzte, batzuk lagunkoiak eta besteak ez-lagunkoiak. Bestalde, 16 argazkilarik gune horiek erakutsi dituzte argazkien bidez. Modu honetan, eremu batek izan ditzakeen ikuspegi ezberdinak islatu nahi izan dituzte. Irudi horiekin erakusketa ibiltari bat egingo dute 2016an.