Bi urtez atzeratu daiteke Txomin Eneako hirigintza proiektua
Txomin Eneako hirigintza proiektua geldirik dago momentuz. Auzitegi Gorenak lurrak desjabetutako herritar batzuen aldeko auzia egin du, eta Txomin Eneako planean aurreikusten den babes ofizialeko etxebizitza kopurua ere ez dagoela nahikoa justifikatua ebatzi du.
Hala, udal gobernuak hirigintza proiektua behin behinean geratu du auzi juridikoak konpondu eta plana egokitzeko hartu beharreko neurriak zehaztu bitartean. Urtebete edo gehienez bi urteko atzerapena ekar lezake horrek.
Bilduk egoera honen “larritasuna” salatu du; “hiriko hirigintza proiekturik garrantzitsuena da, eta alkateak ez du aurpegirik ematen; ez dakite zer egin”, esan du Ricardo Burutaran zinegotziak. Gezurra esatea leporatu die jeltzaleei: “lehen 100 egunetako jardueretan bildu dute, baina ez da egia Txomineko bizilagunekin akordio batetara heldu direnik; ez da egia lanak hasiko direnik”.
Proiektuaren jarraipena egiteko batzorde bat sortzea eskatu du Bilduk. Alderdi politiko guztietako ordezkariek eta herritarrek osatutako batzorde bat litzateke, baina batez ere Txomin Enea, Martutene eta Loiolako bizilagunak bilduko lituzkeena.
Uholde arriskua dela eta, arrisku handiko eremua dela gogoratu du Burutaranek, eta bertako bizilagunak izan ditu gogoan; “35 familiak beren etxea utzi behar izan dute ingurua egokitzeko, eta lanak noiz hasiko diren ez jakitea edo lanak hemendik bi urtera hasiko direla jakitea ez da bidezkoa eurentzat”, esan du Burutaranek.
Proiektuaren egoera eta egingo diren urratsak “gardentasun osoz” herritarrei azaltzeko bilera ireki bat egiteko eskatu dio Bilduk udal gobernuari.