Bisitariei harrera egokia egiteko ikastaroak antolatu dituzte
Urriaren 7an herritarrak prestatzeko jardunaldiak aurkeztuko dituzte udaletxean.
Azken puntu honetan jarri dute arreta gaurkoan. Zazpi alorretan banatu dituzte tokiko eragile eta enpresak: ostalaritza, merkataritza, zerbitzu publikoak, ostatuak, garraioa, aisialdi guneak eta herritarrak. Arlo bakoitzak bere gida izango du. Bakoitzaren beharretara egokitutako gida izango da, eta bezeroen arretan arrakasta izateko gakoak azalduko dituzte.
Gascok adierazi duenez, orohar, bisitariek oso nota altua ematen diete hiriari, eta kultur hiriburutzari begira, “bikaintasun” horrekin erantzuteko gai izan behar dute herritarrek. Horretan laguntzeko 14 jardunaldi antolatu dituzte. Urrian eta azaroan egingo dira ikastaroak Aquariumean, Miramar jauregian, Ingurumen Baliabideen Etxean, San Telmo Museoan eta Donostia 2016 gunean. Urriaren 7an egingo dute jardunaldien aurkezpena udaletxeko Udalbatza aretoan. Parte hartu nahi duenak Harreraplana2016@donostia.eus helbidera idatzi behar du.
Aurreikupenen arabera, 500 bat profesionalek hartuko dute parte lehen ikastaro hauetan, baina zenbatekorik ez dute mugatuko parte hartzea irekia izango baita. Gainera 2016rako prestakuntza hau on-line ere egin daiteke, Udalaren webgunearen bitartez; urriaren 8a irekiko dute horretarako izen-emate epea. Harrera plan honetan parte hartzen duten herritarrek, bai profesinal gisa, boluntario gisa edo herritar soil gisa, “Kultur Hiriburutzaren arima” osatuko dutela esan du Pablo Berastegik. Horregatik, oinarrizko ezagutza batzuk izatea garrantzitsua dela adierazi du, eta parte hartzeko deia egin du.