Bizikletaz egin dute Martutene eta Bulebarra arteko bidea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 6an abiatu zuten
Kurdistandik, eta Euskal Herrira astelehenean iritsi zen; Tafallara, hain justu. Orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat herritik igaro da, eta igandean agur esango dio Euskal Herriari,
Bilbon azken geldialdia egin ostean.
Martxa gaur sartu da
Donostian. Hain zuzen ere, Martutenetik iritsi da, Bulebarreko bidea bertatik hatzeko. Martuteneko kartzela aurrean bildu dira, Hondarribitik zetorren martxari ongi etorria egiteko. Hori egin aurretik, ekitaldi xume bat egin dute espetxearen kanpoaldean. Globo bat aireratu dute, askatasunaren isla. “Kartzela leku aproposa iruditu zaigu gure aldarria zabaltzeko, emakume guztiak aske izan arte borroka egingo baitugu”, adierazi du martxaren ordezkari Nagore Iturriozek.
Martuteneko kartzelako emakume presoekin lanean ari direla nabarmendu du, eta hori dela-eta ere aukeratu dute irteera puntu gisa. “Emakume presoek kartzelatik kanpo atera eta martxan parte hartzeko baimena eskatu dugu, espetxe kanpoko jarduera gisa, baina ez digute utzi. Era berean, kartzela barrura sartzeko eskatu dugu, kamiseta batzuk banatzeko. Baimena eman digute kasu honetan, baina hemendik astebeterako”, jakinarazi du Iturriozek.
Ekitaldia eginda, Bulebarreruntz abiatu dira Martutenen bildutakoak; bizikletaz egin dute bidea, globoen eta pankarten laguntzarekin. Auto batek girotu du ibilbidea, musika eta aldarrikapenekin. Modu horretan iritsi dira Bulebarreko kioskora, eta bertan batukada izan dute zain. Dantzatzeari ia utzi gabe, eguneko beste jarduera nagusienetako bati ekin diote: landatzeari, alegia. Herri bakoitzean landare mota desberdin bat landatu dute. Donostian perrexila aukeratu dute landatzeko, hainbat arrazoiengatik. “Abortua eragiteko landare bat da, eta guk
abortatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Era berean, jakituriarekin lotzen dugu, eta emakumeek harreman historikoa izan dute landareekin; sorginek, adibide. Bestalde, perrexila saltsa guztietan omen dago, eta umoreari ere begi-keinua egin nahi izan diogu”, azaldu du Iturriozek berak.
Aldarrikapenak aldarrikapen, jendetza bildu da Bulebarrean, eta festa giroa Parte Zaharrera zabaldu dute: “Ezustea hartu dugu orain arte. Ongi etorri beroa egin diote martxari herri guztietan. Uste baino jende gehiago elkartu da, eta hori oso pozgarria da”, aipatu du martxaren lehen egunetik autoan bidaiatzen ari den
Kattalin Minerrek.
Bidea ireki duen autoa. (Argazkia: Aritz Sorzabal)