SADE-k erosi du Lasala plazako eraikina
14,5 milioi eurotan egin dute salerosketa.
Donostiako Udalak eta SADE-k gaur goizean sinatu dute Lasala plazako bigarren zenbakiko eraikinaren salerosketa. 11 milioi eurotan jarri zuen udalak hasierako prezioa, baina 14,5 milioi eurotan saldu dute.
Udal gobernuak jakinarazi duenez, kopuru horretatik 11 milioi euro ohiko inbertsioetara bideratuko dituzte; milioi bat euro, gutxi gorabehera, aparteko inbertsioetarako izango da; eta gainerako beste 2 milioi euroak etorkizuneko inbertsioetarako.
Bestalde, salerosketa hitzarmenak hainbat konpromiso eskatzen dizkio SADE enpresari. Sei hilabete izango ditu oinarrizko proiektu bat aurkezteko eta lanak egiteko baimena eskatzeko. Ondoren, 26 hilabete izango ditu lanak amaitzeko, eta behin konponketak bukatuta, beste sei hilabete izango ditu jarduerari ekiteko. Hortaz, eraikina erabilgarri egongo da, gehienez 38 hilabetean. Erabilera berriarekin 34 lanpostu berri sortzeko konpromisoa ere hartu du SADEk.