Mintzapraktika jarduerak udalaren bultzada sendoa jaso du, eta ikasturte berrirako izen ematea zabaldu dute

San Telmo Museoaren atarian egin dute Mintzalagun(Argazkia: Estitxu Zabala)
Duela 22 urte ekin zion Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Mintzalaguna jarduerari. Hamabost lagunekin hasi zen kontua, eta azken hamabost urtetan 200 lagun bildu ditu ikasturte bakoitzeko. Aurten, gainera, udalarekin akordio sendo bat lortu du Bagerak, kanpaina indartuz eta ikasleentzako prezioa 75 eurotik 25 eurora jaitsiz. Hala, euskaltegiz euskaltegi joango dira, ikale berriak erakartzeko asmoz. “Aurten kanpaina indartu dugu eta ehun lagun gehiago lortzea da gure helburua”, azaldu du gaurko aurkezpenean Aitziber Gurutzeaga Mintzalaguna jarduerako arduradunak. Beraz, 300 mintzalagunetara iristea dute jomuga.
Mintzalaguna egitasmoan, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura eta aukera ez dutenekin elkartzen dira, astean behin gutxienez, norberaren ordutegira moldatuz. Azken batean, mintzapraktikarako aukera bat da. Hiru edo lau laguneko taldeak egiten dituzte normalean. Horretaz gain, hilean behin, taldeko jarduerak antolatzen dira mintzalagun guztientzat: Irteerak, bisita gidatuak…
Eman euskara elkarri; Probatuz gero gustatuko zaizu; Jarri mingaina dantzan… halako mezuak zituzten komikietako bokatak gainean zituztela egin dute aurkezpena, eta pozik agertu da Miren Azkarate udaleko Euskara zinegotzia: “Hizkuntza bat ongi ikasteko moduo onena edo bakarra hitzak mingain puntara ekartzea da”.
Izen ematea zabalik
Mintzalagunean izena emateko epea gaur bertan ireki dute eta urriaren 25ean itxiko dute. Beraz, izena emateko aukera dute jada euskara praktikatu nahi dutenek, eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek. “Duela lau urte hasi nintzen mintzalagun gisa, erretiratu nintzenean. Etxetik atera eta jende berriarekin egoteko balio izan dit”, aipatu du Mikel Zozaiak. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen
www.bagera.eus webgunea da. Horretaz gain, elkartearen egoitzan (Hernani kalea, 15) eta 943 005 074 telefono zenbakira deituta ere egin daiteke.