«Gauza motzak egiten nituen, aitak idazten zizkidanak»
Amale Arzelus, irratian euskaraz aritu zen lehen emakumea hil da.
Amale Arzelus (Donostia, 1924-2015) zendu da aste honetan, eta IRUTXULOKO HITZAK euskaltzain, irrati esatari eta euskaltzainari egindako azken elkarrizketa berreskuratu du. 2012ko otsailaren 28ko azaleko argazki nagusia eskaini zion, Gipuzkoako Aldundiak egin behar zion omenaldia dela eta. Aste horretan 80 urte bete ziren euskarazko lehen irratsaioa egin zutenetik, eta Amale Arzelus izan zen omenduetako bat.
1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Ander Arzelus Luzear-ek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Arzelusen alabak, Amalek 8 urte besterik ez zituela mikrofono aurrean jarrita euskara lau haizetara zabaldu zuen irratiaren bidez. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen haurra, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Hauengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi dio bizitza osoan; esatari, antzezle, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.