Etxe guztietako postontzietan eskuorriak banatzeko asmoa dute, egitasmoaren ondorioen berri emateko; sinadura bilketa eta mobilizazioak ere aurreikusi dituzte

Egiako frantziskotarren gela batean egin zuten bilera, astelehenean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostialdeko Metroak kezka sortu du hirian, egunotan antolatu dituzten jarduerak lekuko. Hain zuzen ere, egitasmoaren aurkako mugimenduak hitzaldi eta batzar bana egin zituen joan den astean, eta Koldo Mitxelena kulturuneko ekitaldi aretoa zein Amarako karmeldarren zinema gela lepo bete zituzten herritarrek. Astelehenean, beste bilera ireki bat egin zuten; Egiako frantziskotarren elizaren azpiko areto batean. Kasu honetan ere, bilera gela bete zuten.
Aste honetako batzarrean hurrengo asteetarako aurreikusi dituzten jarduerei buruz hitz egin zuten. Hala, auzoz auzo batzar informatiboak egiteko asmoa azaldu zuten, «Metroaren proiektua gelditzeko ekimena auzoetan aurkeztu eta egitasmoari eta haren ondorioei buruz informatzeko». Etxe guztietara iristeko erronka ere dute. Horretarako, postontzietan eskuorriak banatzeko asmoa erakutsi zuten, 80.000 familiarengana iristea helburu jarrita. «Jarduera informatibo indartsua da, eta aurrera begira auzoetan laguntzaile sare zabal bat sortzeko lagungarria izan daiteke halaber», azaldu zuten bileran.
Jarduera hauez gain, sinadura bilketa eta mobilizazioak egitea eta jardunaldi batzuk antolatzea dute aurreikusita.
Interes «indartsuak»
Lan hau guztia aurrera ateratzeko herritarren laguntza eskatu zuten, lan taldeetan antolatzeko xedearekin: «Denon artean erabaki behar dugu zer egin. Gaia oso zaila da, inork ez daki zein den bide egokiena, are eta gehiago proiektu hau egina dagoela dirudienean. Zerbait indartsua asmatu behar dugu, egitasmoaren atzean dauden interesak indartsuak direlako, eta inork ez dielako aurre egin», adierazi zuten ordezkariek.
Mugimenduaren ikurra Mattinek marraztu du
Donostialdeko Metroaren proiektuaren aurkako mugimenduak ikur bat izatea beharrezkotzat jo zuten, Amaran egindako lehen batzarretako batean; jendeak irudi batekin lotu zezan aldarrikapena. Joan den astean antolatutako bi jardueretan banatutako eskuorrietan, asmatutako ikurra ikus zitekeen dagoeneko. Hain zuzen ere, sator bat da aukeratutako irudia.
Aste honetako batzarrean jakinarazi dute Mattin izan dela satorraren egilea. Marrazkilariak bere burua eskaini zuen irudia egiteko, eta mugimenduaren ordezkariek begi onez jaso zuten laguntza.
2017. urterako aurreikusi dute Loiolako geltoki berria
Eusko Jaurlaritzak Loiolako geltoki berria eraikitzeko eta ingurua berritzeko proiektuaren lanak esleitu ditu, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, 2017. urtean prest egoteko asmoarekin.
Obra zibila gauzatzeko kontratua Altuna y Uria, Comsa eta Moyua eraikuntza enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu zaio. 9.193.706 euroko aurrekontua du eta burutzapenerako epea 18 hilabetekoa da.
Jaurlaritzak jakinarazitakoaren arabera, «lanak amaitu ondoren, Loiolan bizi diren pertsonek bide-zubi gainean egongo den geltoki berri moderno eta enblematikoa izango dute, Donostia eta Martutene arteko errepide zaharraren gainean, Loiolako bulebarra egingo den tokian».
Horrez gain, bertan dagoen ezpondaren ordez bide-zubia eraikiko dutela aurreratu du. Horrela, auzoa bitan banatzen duen trenbideko trintxera desagertu eta 10.000 metro koadrotik gorako hiri espazio zabala berreskuratuko dutela nabarmendu du.
«Herritarren gozamenerako eta erabilerarako irabazitako toki berriak gune berdeak, haurrentzako jolasak, bidegorria, bizikletak aparkatzeko tokia eta atsedenerako guneak izango ditu. Horrez gain, behin betiko lotuko ditu Lorategi Hiriaren ingurua eta auzoaren gainerakoa», zehaztu du Jaurlaritzak.
Inguruaren urbanizazioari dagozkion jarduera guztiak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren artean adostu zituzten, Donostialdeko Metroaren obren eta proiektuen jarraipenerako batzordearen barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hartzen du parte proiektuan.
Gaur egun, Eusko Trenbide Sarearen bide-zubiaren lehen fasea eraikitzeko lanak ari dira egiten Urumeatik gertuen dagoen tokian. Lan hauek beste kontratu batean daude.
Datozen hilabeteetan lanak indartu egingo dituzte, «2017. urtean Loiolak Donostialdeko Metroaren geltoki berria eta modernoa izan dezan, trenbide trazatu berri seguruagoa eta elkarbizitzarako atseginagoa izango den hiri ingurunea», erantsi du Jaurlaritzak.