Udalean euskararen erabilera nabarmen jaitsi dela salatu du Bilduk
Udal gobernua euskararen normalizazioan aurreko legealdian egindako urratsak desegin eta “atzerapauso larriak” ematen ari dela salatu du EH Bilduk. EAJren jarrera eta erabakiak gogor gaitzetsi ditu Amaia Almirall bozeramaileak; “benetan kezkatuta gaude udal gobernu honen jarrerarekin. Eguneroko lanean nabarmen jaitsi da euskararen erabilera, eta baita kalean ere. Euskararen normalizazio prozesuan laguntzeko prest gaude eta bidelagun izango gaituzte, baina atzerapauso bakoitza ere gogor salatuko dugu”.
Batzordeetan, prentsaurrekoetan, eta bestelako agerraldietan ere euskarak lekua galdu duela adierazi dute Bilduko ordezkariek, eta baita kaleko iragarki tauletan ere. Turistei zuzendutako taulak edo zinemaldiko eskuorriak jarri dituzte adibidetzat, eta baita zezenketen kartelak ere; guztiak gaztelera hutsean, Almirallek salatu duenez.
Testuinguru honetan, bereziki larritzat jo dute atzo Dbuseko administrazio kontseiluak hartutako erabakia gidarien hizkuntz-eskakizunen inguruan. Axier Jaka, Bilduko zinegotziak aurreko legealdian gidarien hautaketa probetarako EAJrekin egindako akordioa ekarri du gogora; “gidari berriei ahozko 2. hizkuntz-eskakizuna eskatu genien, hau da, herritarrekin euskaraz gutxieneko elkarrizketa bat izateko adinako maila; horregatik ez zitzaien idatzizko inolako mailarik eskatu”.
EAJren erabakiak errotik aldatu duela egoera adierazi du Jakak, eta datozen 10 urteetan eragingo duela erabakiak gaineratu du. Gidari berrien ia erdiak ez duela euskaraz jakin beharrik izango azpimarratu du Jakak; “inork ulertuko al luke gazteleraz ulertzen ez duen gidari bat egotea Dbusen”, galdetu du zinegotziak, “horixe gertatuko da euskararekin; bigarren mailako hizkuntza baten modura hartzen da, euskara eta euskaldunak gutxietsiz”.
EH Bilduk hurrengo osoko bilkurara eramango du euskararen gaia.