Shakti Olaizola. (Argazkia: Donostia Kultura)
Donostia 2016 Fundazioak, Gasteizko Principal Antzokiak, Viktoria Eugenia Antzokiak eta Arriaga Antzokiak
Antzerkigintza berriak proiektua sortu dute. Euskal Herrian antzerkigintzaren inguruan dagoen “gabeziari” erantzutea dute helburu, idazkera dramatiko propioa sustatuz eta antzerkigile berriei aukera eskainiz.
Jendaurreko
deialdi baten bidez gehienez ere zortzi egile hautatuko dituzte antzezlan bat sor dezaten, arte eszenikoen profesionalen argibideei jarraiki. Egileek Donostiako, Bilboko eta Gasteizko zenbait topaketetan eta masterclassetan parte hartuko dute.
Ondoren, partaideek sortutako
lanen artean hiru hautatuko dituzte agertokietara eramateko, eta proiektuan esku hartzen duten antzokiek ekoitziko dituzte. Ekoizpenerako finantzazioaz gain, pertsona hautatuek
3.300 euroko diru laguntza jasoko dute. Eta gainera, hiru antzezlanak Donostia, Bilbo eta Gasteizen taularatuko dituzte 2016ko urria eta abendua artean.
Xabi Paya, Donostia 2016ren kultur zuzendariak adierazi duenez, egitasmo honek antzerki mundurako sarbidea erraztuko die antzerkigile berriei eta baita arte eszenikoekin lotura duten gainerako profesionalei ere.
Antzerkigintza berriak proiektuak sortzaile eta
antzerkigileen sare bat ere sortuko du. Hala, ohiko bakarkako lana eta talde lana uztartuz, sare horrek antzerkirako materiala sortuko du, antzerki konpainiek nahiz antzerkigileek eredutzat hartuko dutena.
Testuak aurkezteko
epea azaroaren 30ean amaituko da. Deialdiaren oinarriak
Donostia 2016 edo
Viktoria Eugenia Antzokiko webgunean ikus daitezke.