'Soinua iratzarri' proiektuaren bidez, Zurriola eta Zuhaizti ikastoletako geletan sartuko dira sei musikari.
Sei musikarik parte hartuko dute proiektuan; eta prentsaurrekoan zuzenean jo dute. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gaur bertan ehun urte bete dira Jose Maria Usandizaga musikari donostiarra hil zenetik. Zehazki, 1887an jaio zen, eta 28 urte besterik ez zituela 1915ean hil zen, musikagile gisa bide oparoa osatuz. Omenaldi gisa hainbat jarduera egiten ari dira aurten hirian, eta
Soinua iratzarri proiektua bere heriotzaren mendeurrenean bertan aurkeztu dute. Saio esperimentalen bidez, Usandizaga eta Lili Boulanger konpositoreen musika hurbilduko diete Zurriola eta Zuhaizti ikastoletako 150 ikasleri, euren sormena bultzatuz. Sei musikarirekin eta beste hainbat aditurekin batera, ikastoletan bost saio egingo dituzte, eta lan horren emaitza kontzertu berezi batean eskainiko dute, maiatzean (ordua eta lekua zehazteko dituzte), haurrek beraiek egindako musika instrumentuekin. “Usandizaga bihurria zela entzunda genuenez, umeekin zerbait egitea pentsatu genuen”, aipatu du Musikagileak elkarteko Txaber Fernandezek.
Arte eta hezkuntza ekimen bat dela diote bultzatzaileek, eta helburua ondarea berreskuratzea dela. Zehazki, Lehen Henkuntzako bosgarren mailako ikasleak izango dira proiektuan parte hartuko dutenak, hau da, 10 eta 11 urtekoak. Musikagileak izeneko Euskal Herriko Musikagileen Elkartea izan da proiektuaren bultzatzailea, eta Itziar Zubizarreta da egitasmoaren koordinatzailea: “Ordubeteko bost saio egingo dituzte haurrek musikariekin. Lehenengoan kontzertu txiki bat eskainiko diete; hurrengo bi saioetan, konpositoreekin hitz egingo dute, eta bideo bat prestatuko dute; laugarrenean, haurrek istorio bat idatzi beharko dute euren burutapenekin; eta konpositoreekin azken saio bat egingo dute”. Saio horietan Usandizagaren eta Boulanger-en musika berrirakurketak egingo dituzte, eta partitura berriak sortuko dituzte.
Hiru helburu nagusi ditu proiektuak: Kultur ondareari balioa ematea; sokuntza kolektiboa lantzea; eta mediazio artistikoa eta kultur eraikuntza.
Adituen arabera, Jose Maria Usandizaga (1887-1915) euskal operaren aita izan zen eta Belle Epoqueko adierazpen bikainena. Lili Boulanger (1893-1918), berriz, konpositore eta orkestra zuzendari frantziarra izan zen, eta bera ere gazte hil zen, 25 urterekin, tuberkulosiaren ondorioz.