Aulki mugikorreko ontziak lehian arituko dira igandean
Bost unibertsitatetako arraunlariek bat egingo dute Urumea ibaian, III. Estropada Akademikoan.
Aulki mugikorreko estropadetaz gozatzeko aukera egongo da Urumea ibaian, igande goizean. Izan ere, III. Estropada Akademikoa antolatu dute Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak arraun elkarteek, hiriko hainbat eragileren babesarekin, eta bost unibertsitateren laguntzarekin: Tecnum, Deusto, Mondragon, EHU, eta Pau et des Pays de l’Adour unibertsitatea. Estropadak esan bezala igandean izango dira, 12:30ean, gizonezko eta emakumezko mailetan.
Urkiko zubitik aterako dira partaideak, Loiolan, eta Maria Kristina zubian bukatu dute (Norteko geltokiaren parean). Hala, erlojupeko jaitsierak eta esprintak jokatuko dituzte arraunlariek. Gizonezkoak lemazaindun zortzikoetan arituko dira, eta emakumeak lauko sculletan.
Estropaden bezperan, larunbatean, 10:00etan, mintegia egingo dute Aquariumen, iaz egin zuten moduan. Gainera, estropadaren harira, irudi eta komunikazio lehiaketak ere antolatu dituzte. Informazio gehiagorako: jmgaramendi@gmail.com.