Hormek diotena
Donostia 2016-ren 'Hormek diote' proiektuko muralak osatu dituzte asteburuan.
Donostiako eta inguruko bost horma komunikaziorako eta bizikidetzarako bitarteko bihurtu nahi ditu Donostia 2016k. Bakearen itsasargiaren Hormek diote proiektuak kale artea lantzen duten artisten eskuetan utzi ditu. Haiek margotuz, egitasmorako hautatutako bost hormei «istorio bana» kontarazi diete kale artistek, eta kale artisten lan hori kale artearen inguruko gogoeta eta eztabaidarako oinarri izango da ondoren, 2016an, hainbat egitasmotan.
Asteburuan hasi dira hormak margotzen, denak Donostian edo Donostiatik gertu kokatuak, honako hauek dira: Urumeako igogailuaren horma, Intxaurrondoko Txaparrene pasealekua, Altzako Ramon Irigoien parkea, Trintxerpeko Ziriza Etxeko horma bat eta Errenteriako Alaberga auzokoa. Horiek margotu dituzten artistak, berriz, honako hauek dira: Igor Rezola Dizebi, Ismael Iglesias, Harsa, Jenny Karna-Escalante, Horma Chic, Judas Arrieta eta Mentalgassi. Horrez gain, Las Chicas de Pasai taldeak eta Iñigo Salaberriak horma irudi birtualak sortuko dituzte.
Joan den irailean eman zuten Hormek diote proiektuaren berri. Ereiten Kultur Zerbitzuak dauka egitasmo hau gauzatzearen ardura eta koordinazio artistikoaren ardura Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak izango du. Artisten lanek Europako kultur hiriburutzaren eta Bakearen itsasargiaren balioekin bat egingo dute, bereziki bakearen eta bizikidetzaren ideiekin. “Ideia nagusia hormei hitz eginaraztea da”, David Zapirainek, Ereiten Kultura Zerbitzuak enpresako ordezkariak, azaldu duenez. “Esku hartze artistikoak egingo dira, baina ideia etiko batzuk komunikatzeko. Beraz, etika eta estetika elkartuko dira”.
Donostiak ez dio orain artean harrera onik egin kale arteari, Almandozen ustez, eta horren ondorioz zailtasunak izan dituzte egitasmo honetara gonbidatutako kale artistetako batzuen baiezkoak jasotzeko. “Kosta egin zaigu artistak konbentzitzea hau ez dela konfrontazio bat izango, benetako aukera bat baino”, azaldu du Almandozek. Hormek diote proiektuak, hautatutako bost hormak margotzetik harago, kale artearen inguruko gogoeta eta eztabaida piztu nahi baitu hirian. Horma irudiak eta graffitiak hirietako periferiekin lotzeko joera ere hautsi nahi du Hormek diote proiektuak, eta horregatik dago hormetako bat —Urumeako igogailuarena—, artistek hala eskatuta, hiriaren erdialdean.
Harsa (Arantxa Recio) muralgileak Altza gaineko Roman Irigoien plazan egin du bere murala. Emakume ilustratzaile eta graffitigile honek, askorentzat ezezaguna eta ezkutua den plazari ikusgarritasuna eman dio bertan mural erraldoi bat margotuaz. Abuztuan ezagutu zuen ingurua, Hormek diote proiektuaren prestaketa lanak egiten ari zenean. “Emakume arrantzale bat margotzen ari naiz; ametsen arrantzale bat”. Jenni Karna-Escalante artista finlandiarra ari zaio proiektu honetan laguntzen. “Lau pareta erabiltzen ari gara, baina konposizio bakarra egingo dugu: lau paretetan gertatuko den istorio bat da”. Harsak berebiziko garrantzia ematen dio bere lana garatuko den testuinguruari. Hortik abiatuta eraikitzen ditu bere proiektuak. Altzakoa omenaldi txiki bat da, haren esanetan. “Bizi duten egoera bizi dutela, bere ametsak baztertzen ez dituzten pertsonei egindako omenaldia da. Bere ametsak lortzeko borrokatzen diren horientzat omenaldia da”.
Skate taulekin lan egin du Judas Arrietak Ziriza Etxean, eraikinak Trintxerpeko alkateordetzara begiratzen duen horman. 85 skate taularen artean kontzeptu oso bat, osotasun bat, paisaia bat, eraiki du. Eta ideia horrek itxaropenarekin, baikortasunarekin, leiho irekiekin harremana izango du. Hori uste du Judas Arrietak. Oier Iza lagunarekin batera instalazio artistikoa egin du, “mural bat baino, interbentzio bat da”, dio. “Skate-oholak baliatuta, pareta euskarri bezala erabili eta paisaia bat osatu dut. Han inguruko paisaia bat da. Ikusleak paretari bizkarra emanez gero, antzeko paisaia bat izango du bere begien aurrean. Paisaia hori modu berezian jasoko du ikusleak, deskonposatuta. Eta norbere lana izango du bere paisaia osatzea”.
Igor Rezola Dizebi da Euskal Herriko horma-irudi egilerik entzutetsuenetakoa, eta haren lanak hainbat herritako paretetan ikus daitezke. Berari egokitu zaio Hormek diote proiektuaren barruko hormarik ikusgarriena Donostia 2016ren balioak hedatzeko egokitzea. Dagoen lekua eta duen tamaina kontuan izanda, Urumeako igogailuaren pareta proiektuaren ikurra izango da eta hortik abiatuta hedatuko da gainontzeko auzoetara eta herrietara.
Ismael Iglesias Intxaurrondon izan da, Txaparrene pasealekuan. Bere lana; 3 metro luze eta 50 zabal da. “Zuhaitz hostotsuak daude inguruan eta lana izkutatu egiten dute apur bat, baina laster hostorik gabe geratuko dira. Beraz, esan daiteke hormaren itxura urtaroekin batera aldatuko dela”. Muralak Delirium Tremens taldearen Laino ilunak abestiaren esaldi bat: Egun guztiak ez dira berdin. Horrez gain, degradatu batek horma-irudiaren eremu guztia hartu du, eta horren gainean eszena batzuk osatu dituzten pertsonaiak jarri ditu. “Dureroren grabatuetatik ateratako pertsonaiak dira: bata txakur baten neurriko errinozeroa eta, bestea, bi buruko haurra”. Bi pertsonaia horiek sartuta bizikidetzaren balioa erantsi nahi dio bere lanari Iglesiasek. “Pertsonaia desberdin horiek naramate bizikidetzaren kontzepturaino; izan ere, nire irudiko, bizikidetza desberdina den hori onartzean datza”.
Artistek hormak margotu ondoren, hormetako mezuek “bizitza bereganatuko dute”. 3D formatua bereganatuko dute. Batetik, horma irudietan teknologia berriak txertatuko dituzte artelanen eta inguruan dauden pertsonen arteko zubi lana egiteko, eta ikusleek artelanak berrinterpretatzeko aukera izan dezaten. Horretarako, NFC Near Field Communication eta QR teknologiak erabiliko dira; horien bidez, artelanen inguruan dauden pertsonei lan horiei buruzko informazio osagarria eskainiko diete.
Horrez gain, 2015ean margotutako pareten inguruan proiekzioak eta koreografiak egingo dira 2016an, kultur hiriburutzaren urtean. Proiekzioak Elurmaluta kolektiboaren esku izango dira, eta koreografiez Haatik dantza taldea arduratuko da.
Datorren urteko proiektuaren ibilbidea Larrotxenen, Kasaresen, Tabakaleran eta Kalostran izango diren jardunaldi eta hitzaldiekin hasiko da. Topaketa horietan hainbat gai aztertuko dira, hala nola kale artearen historia, garapena eta etorkizuna, horma irudien eta hirigintzaren arteko erlazioa, eta arte garaikidean adierazpen horrek izan duen eragina.