Bagera Euskaltzaleen Elkarteak Mintzalaguna jardueran parte hartzeko deialdia zabaldu du; ikasle zein laguntzaileek urriaren 21a arte izena eman ahal izango dute.
Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeaga, Mikel Zozaia mintzalagunarekin hitz egiten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta,
Mintzalaguna jarduera abian jarri dute berriro ere. Aurten ikasleek 25 euroren truke euskararen erabileran hobetzeko aukera izango dute, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagerak lortutako akordioari esker. Ikasturte berrian izena emateko epea zabaldu dute jada, eta urriaren 21a arte edonork parte hartu ahal izango du. Baina zer da Mintzalaguna? Nolakoa da mintzalagun izatearen esperientzia?
Mintzalaguna euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura ez dutenekin elkartzen dituen jarduera da. Astean behin, gutxienez ordubetez, talde txikietan elkartzen dira, kafe baten bueltan, paseatuz… «Euskaltegia eta kalearen arteko zubi bat da; euskaltegian ikasten duten hori praktikan jartzeko modu bat, ikaslea askatzen laguntzen duena», azaldu du Bagerako Mintzalaguna jarduerako arduradun Aitziber Gurutzeagak.
Berritasun gisa jarraipen batzorde bat osatu dute aurten, eta euskaltegietako ordezkariekin bilduko da Bagera. Honela, elkarteak informazioa partekatuko du, eta euskaltegiek aholkua edota iritzia emango dute.
Era berean, ikasleak mintzapraktikara bideratzeko, hiriko euskaltegiekin hitzarmen bat sinatu dute, bosgarren urtez jarraian. Aurten hitzarmen hori gehiago landu dutela dio Gurutzeagak: «Aukera izango dugu euskaltegietara joateko, eta mintzamen maila dutenen gela guztietan sartuko gara, mintzalaguna zer den azaltzeko». 300 lortzea da erronka Donostian 200 mintzalagun inguru daude egun, baina kopuru hori handitu nahi du Bagerak, eta 300 lagun lortzea jarri du erronka gisa. «Oraindik ere jendea euskara ikasten ari da, eta horri bultzada emateko potentziala badago», adierazi du Gurutzeagak.
Hitzarmenari esker, errazago ikusten du kopuru hori handitzea jardueraren arduradunak: «Euskaltegi guztietara joanda, ikasle gehiago animatuko direla espero dugu. Eta horri aurre egiteko, laguntzaileak behar ditugu, noski». Laguntzaile bezala dabil Mikel Zozaia aietearra duela lau urtetik. «Jarduera aspalditik ezagutzen nuen, eta erretiroa hartu bezain laster, denbora nuela ikusita, izena eman nuen», azaldu du.
Lehenengo saioa ondo gogoratzen du Aietekoak: «Grosen izan zen, bi ikaslerekin. Bat oso berritsua zenez, besteari ez zion uzten hitz egiten. Ni isilenak bere iritzia eman zezan saiatzen nintzen, zuri zer iruditzen zaizu? galdetzen nion, baina kostata!». Jardueraren parte izatea gustuko du Zozaiak, euskara ikasten ari diren horiei hitz egiteko aukera eskaintzen dielako. Berarentzako, halaber, aberasgarria da esperientzia: «Niretzat garrantzitsua da beste pertsonekin harremana sortzen dudalako. Gainera orain jubilatua naizenez, joera duzu etxean gelditzeko, bakarrik egoteko… eta Mintzalagunak jende desberdinarekin hitz egiteko aukera ematen dit». Parte hartzen hasi zenetik, hainbat taldetan egon da Zozaia. Bagera taldeak ez errepikatzen saiatzen da: «Aurreko urteko mintzalagun batekin topo eginez gero, euskaraz hitz egingo dute. Eta, urtetik urtera, euskaldunen sare hori handituko da», nabarmendu du Gurutzeagak.
Giovanna Santamaria Portugaletekoa da, eta duela hamairu urte etorri zen Gipuzkoara bizitzera. Urte batzuk Zarautzen eman ostean, Antiguara mugitu zen: «Hemen Bizkaian baino gehiago hitz egiten da euskaraz. Iritsi nintzenean bakarrik sentitu nintzen, eta Mintzalaguna jardueran parte hartzea lagunak egiteko modu bat izan zitekeela pentsatu nuen». «Orain nire lagunak dira» Eta hala izan zen.
Bost urte daramatza mintzapraktika egiten, eta euskara ikasteaz gain, lagun onak egin ditu Santamariak: «Mintzalagunak orain nire lagunak dira! Azken hiru urtetan taldea errepikatu dugu eta gustura gaude. Patricia eta ni gara ikasleak, eta Ana da laguntzailea».
Oso ondo moldatzen direnez, astean behin duten hitzordua ez ezik, beste egunen batean ere berriro elkartzen dira: «Antzerkira, zinemara,… joaten gara elkarrekin, baina beti euskaraz! Dibertigarria da», aitortu du antiguatarrak.
Lehenengo saiotik hona, euskararen erabilera asko hobetu duela uste du Santamariak, eta epe ertainean laguntzaile izatea asko gustatuko litzaioke: «Hobetzen ari naizela ikustea motibazio handia da niretzat. Oso pozik nago lortu dudanagatik. Euskara ikasten ari naiz, baina modu desberdin batean, tentsiopean egon gabe».
Ikasleek mintzatzerakoan akatsak egin arren, era lasai batean zuzentzen zaiela dio Gurutzeagak: «Konfiantzazko gune bat da»