Arrobitxulo aisialdirako parkea egiteko lanak hasi dituzte
Haurrentzako gune bat eta kirola egiteko ekipamenduak jarriko dituzte Herrerako berdegunean.
Duela lau urte Herrera eta Intxaurrondo lotzen dituen bidegorria egin zuten gune honetan, Txaparrene pasealekuraino iristen dena. Bidegorritik bertatik hiritarrek egindako baratzez betetako berdegunea -25.000 metro kuadrokoa- ikus zitekeen orain arte. Jada baratza hauek kentzen hasi dira, Arrobitxulo aisialdirako parkea egiten hasteko lanei ekin diolako udalak.
2016ko urtarrilerako aurreikusita dago parkea egiteko lanak bukatzea, eta 300.000 euroko kostua izango du. Berde gunea haur, gazte eta helduentzako espazio batean bilakatuko da. Piknika egiteko lekua egongo da, aurrentzako parke bat egingo dute, eta kirola egiteko hainbat instalakuntza jarriko dituzte.
Bizikleta gainean salto egiteko zirkuitu bat egingo dute -pump track-, eta hiru metroko altuerako rokodromo bat, baita ariketa fisikoak egiteko leku bat ere.