Orain arteko diskorik onena kaleratu duela dio Ze esatek! taldeak
Reggae eta ska doinuetara hurbildu dira, rock abestietatik urrunduz.
Ausartak direla behintzat ez die inork ukatuko, Inoiz egin dugun diskorik onena izenburupean kaleratu baitu bere lan berria Ze esatek! taldeak. “Diskoa entzutean konturatuko zarete zergatik diogun hori”, azaldu du Jabi abeslariak. Hamar abestik osatzen dute diskoa, joan den udan grabatu zuten Tolosako Bonberenean, eta Mirentxu Records-ekin elkarlanean egin dute. “Orain arteko estilotik urrundu gara, rock gitarreroa utzi eta Estatu Batuetako reggae eta ska doinuetara hurbiltzen saiatu gara, eta swimarekin ere ausartu gara”, gehitu du Jokin Guilisagasti taldeko bateria-jotzaileak. Azken batean, emaitzarekin pozik geratu direla dio Guilisagastik: “Aurrekoak baino koloretsuagoa eta alaiagoa da, eta haize freskoa dakar”.
Egunerokotasunean gertatzen diren egoerak eta albisteak euren begirada kritiko eta sarkastikotik abiatuta azaldu dituztela diote: “Betiko kritika soziala eta politikoa egin ditugu, eta gure bizitzan beti dauden parrandak sartu ditugu”, azaldu du Guilisagastik. Hala, klase politikoaren kritika, esaterako, bertako politikariengana hurbildu dute. Jonky-rolari abestiak, esaterako, gorputza gurtzen duten pertsonak ditu jomuga; Ilunetik argira eta buelta, berriz, amaierarik gabeko maitasun istorio bat da; Ezin zaitut jasan abestiak lagunen arteko harremanetan konfiantza nagusitzen denean gertatu ohi dena deskribatzen du; klase kontzientzia aldarrikatzen du Working class abestiak… eta Joseba Sarrionandiaren olerki bat ere bertsionatu dute: Pianistaren heriotza
Hainbat kolaborazio izan dituzte diskoa osatzeko: Garazi Esnaola teklatuan hainbat abestitan eta Taico taldeko kideen ahotsak Ezin zaitut jasan abestian. Diskoaren grabazioaz eta nahasketaz Karlos Osinaga arduratu da, eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin du. Diseinuari dagokionean, marrazkiak Joseba Poncek eta Pablo Garciak egin dituzte, eta diseinua eta maketazioa Imanol Urizarrek burutu ditu. Hain zuzen ere, tximu bat da diskoaren azalean ikus daitekeena, eta animalia horrekin nahiko identifikatuak sentitzen direla diote taldekideek.
Zuzenean, Intxaurrondon
Donostian Intxaurrondoko kultur etxean emango dute aurkezpen kontzertua, azaroaren 27an. Gainontzean, honako zuzenekoak dituzte jada lotuta: Azaroak 14 (Bonberenea, Tolosa), abenduak 6 (Ahotsenea, Durango), abenduak 11 (Bilbo stage live aretoa), urtarrilak 16 (Gasteiz Jimmy Jazz aretoa), urtarrilak 23 (Ondarru Portuko Rampi). Diskoa salgai dago jada dendetan eta taldearen webgunean bertan (zeesatek.com). Inoiz egin dugun diskorik onena:- Ezin zaitut jasan
- Kosta ala kosta
- Summer of ’74
- Pianistaren heriotza
- Zapaiatik zintzilik
- Ilunetik argira eta buelta
- Jonky-Rolari
- Working class
- Saminaren Ederra
- Bagoaz