Duela urtebete kaleratutako 'Zuri-beltzeko argazkiak' nobelaren itzulpena da.

Arantxa Urretabizkaia, erdian, Aizpea Goenaga lagunarekin eta Fernando Rey itzultzailearekin batera, aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Duela urtebete
Zuri-beltzeko argazkiak izeneko nobela argitaratu zuen Arantxa Urretabizkaiak (Txomin Enea, 1947). Orain, eleberri horren gaztelerazko bertsioa iritsi da,
Retratos en blanco y negro, Pamiela argitaletxearen eskutik, berriro ere, Fernando Reyk egindako itzulpenari esker. Bere haurtzaroko kontuak bildu ditu liburuan Urretabizkaiak, Txomin Enean jaio eta hiru urte zituela Egiara bizitzea joan zen haur baten kontuak. Gerra osteko garaiak ziren, Francok agintzen zuen, eta euskaraz hitz egiteko beldurrez ibiltzen ziren. “Nahi izan dudana egin dut, familia abertzale eta euskaldun baten garai bateko bizipenak kontatu ditut, literatura askatasuna baita niretzat”, azaldu du egileak. Urtebete honetan irakurle askorekin hitz egiteko aukera izan duela dio Urretabizkaiak, eta ustez galduta zituzten oroitzapenak berreskuratzen lagundu izana eskertu diote horietako askok.