Europako Kultur Hiriburutza urtea ospatzeko lehen jarduerek astebete iraungo dute, San Sebastian eguna barne.
2014ko Olatu Talkako jardueretako bat, 2016 Gunean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hansel Cereza artistak sortuko du Donostia 2016ko ikuskizun nagusia, fundazioak enkarguz hala eskatuta. 2016ko urtarrilaren 18tik 24ra egingo dute inaugurazio-astea, eta ospakizun jardueren artean San Sebastian egunak bere tokia izango du. Ikuskizun nagusia, urtarrilaren 23an izango da, eta aurreratu dutenez, ikuskizun jendetsu bat izango da, iluntzean, hiriaren erdialdean.
Inaugurazio asteko lehen egunean, hiriko kultur eragileek euren babesa erakutsiko dute, jarduera bateratuen agendaren bidez. Kultur etxeek, kontzertu-aretoek, galeriek… ongietorria egingo diote kulturaren urteari eta proposamen bereziak eskainiko dituzte.
Hiriburutzak eta hiriko jai handiak bat egingo dute ekitaldi berean. urtarrilaren 19ko gauean, danbor hotsekin batera. Haurren danborradan lehen aldiz, beste hiri bateko konpainia batek desfilatuko du. Poloniako Wroclaw hiriko neska-mutilek bat egingo dute haurren danborradarekin, hain zuzen ere.
Alderdi Ederren pantaila erraldoiak jarriko dira, Donostiako eta Wroclaweko tarrapatek bat egin dezaten, bi hirien Hiriburutza ospatzeko. Banderaren jaitsierak, berriz, hainbat eragilek diseinatutako programazio bereziari bidea emango dio.
Inaugurazioko ekitaldi nagusiari eta Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio-astearen inguruko xehetasun gehiago abenduan emango dituztela aurreratu du fundazioak.
Hansel Cereza
Hansel Cerezak 30 urte baino gehiago darama lanean, bere ibilbide luzea 80ko hamarkadan hasi zen, Fura dels Baus konpainiaren fundazio-taldeko kide izan zenean. Konpainia horri lotuta egon da 20 urtez baino gehiagoz, arte-sortzaile eta antzezpen-zuzendari gisa. Bere ibilbidean, dantza, antzerki eta zirku emanaldiak zuzendu ditu, baita nazioartean entzutetsuak izan diren ikuskizun erraldoiak ere: Bartzelona 1992ko Olinpiar Jokoen inaugurazio jaia, esaterako. Oreka TX, Kalakan eta Kukai dantza taldearen zuzendaria izan zen 2013an, dantza, musika, kantua eta herri-kirola uztartu zituen
Herritmo ikuskizunean.
Energia Olatuak, aparteko deialdiak
Donostia 2016k herritarren kultur jarduerak sustatzeko
Energia Olatuak programa du. Hala, norbanakoek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek aurkeztutako kultur-programak eta proiektuak babesten dituzte, diru-laguntzak emanez.
Energia Olatuak programak aparteko deialdi bikoitz bat izango du oraingoan: Topaguneak izango da gaia, eta 2.016 euroko 10 laguntza eta 20.160 euroko beste laguntza bat emango zaizkie proiektu irabazleei. Proposamenak azaroaren 16ra bitartean aurkeztu daitezke, eta erabakia azaroaren 26an jakinaraziko dute. Topaguneen sustatzaileak izateaz gain, 2016ko urtarrilaren 21etik 24ra egin beharko dituzte, osorik edo zati bat.
Deialdiaren oinarriak eta informazio gehiago webgune honetan topa daitezke:
olasdeenergia.dss2016.eu.