"Elkartzen garenean sortzen da magia bat eszenatokian ezin dena hitzez azaldu"
Irutxuloko Hitzaren 10. urtemugaren ospakizunarekin bat egin du Joseba B. Lenoir Gang boskoteak. Lugaritz kultur etxean zuzenean kontzertua emango du ostiralean, 21:00etan. Gau berezi honek, gonbidatu bereziak merezi ditu, eta Anari, Petti eta Mikel Larratxe musikariek ere parte hartuko dute rock erritmoan ospatuko den festan.
Martxoan hasi zineten kontzertuak ematen Joseba B. Lenoir Gang izenarekin, baina oraindik ez zarete Donostian egon.
Kristoren gogoak nituen bostok Donostian jotzeko, behingoagatik. Bai, ostiralekoa gure aurkezpen kontzertua izango da. Gainera lehen aldiz igoko naiz Lugaritz kultur etxeko taula gainera! Kortxoenean duo formatuan izan naiz Felix Buffekin, baita Intxaurrondon ere. Rafael Berriorekin eta Willis Drummondekin izan naiz Gazteszenan… Ongi ezagutzen ditut bertako musika aretoak, musikari zein zale gisa ere bai. Libre nagoenean eta ahal dudanetan etortzen naiz kontzertuak ikustera.
Nola elkartu zineten?
Kontzertuak ematen hasi ginen martxoan. Geroztik ibili gara ia astero zuzenekoak ematen, gelditu gabe. 70 bat kontzertu eman ditugu. Nik aspalditik gogoa nuen nire abestiak talde formatuan jotzeko. Izan genuen aitzakia bat Bilboko Izar & Stars zikloak antolatzen dituen kontzertuetan: musikari euskaldunak ezohiko errepertorio batekin. Artista bat edo garai bat aukeratu behar da, eta hori ardatz hartuta kontzertu bat eman. Parte hartu nuen, eta nire abestien errepertorioa egiten ari nintzenean lau lagun hauek igo ziren zati batean. Kolaborazioak eginda genituen aurretik, baina Kafe Antzokian abesti batzuk jo nahi nituen beraiekin. Lehen kontaktua izan zen hura. Eta niretzat egun klabe bat izan zen. Ikusi nuen lau lagun horiekin nahi nuela aurrera eraman nire proiektua, eta punto.
Ordu arte buelta pila bat eman nizkion, pentsatu nuen musikari pila batengan. Ez nekien nola sortu banda bat. Entseguak egin behar dira, daude gastu pila bat, eskatzen du lan potente bat… Eta egun horretan erran nuen, beno ez bada hauekin ez dut egingo taldea. Beraientzat ere esperientzia polita izan zen. Erran zuten nahi zutela entseatu nirekin, probatu abesti horiek. Azkenean hemen gaude.
Iraupen zehatzik ba al du zuen boskoteak?
Ez dago mugarik. Jarraituko dugu bira egiten. Hurrengo urtetik aurrera saiatuko gara aldatzen, elementu berriak sartzen, instrumentu berriak, errepertorioa berritu noski… Kanta berri batzuk elkarrekin landu ditugu. Nik aurretik banituen abesti batzuk beraiekin probatu ditugu, eta zuzenean egiten ditugu bat. Hurrengo diskoan sartuko dugun kanta bat jotzen ari gara orain zuzenekoetan. Lugaritzen bigarren aldiz joko dugu fresko fresko dagoen abesti hau. Diskoaren grabazioan ere parte hartuko dute beraiek. Ez dut grabazio itxi bat izatea nahi. Estudiotik hainbat lagun pasatzea nahi dut. Ez dakit gero zer gertatuko den, baina irekia izango da.
Nerabe zinela hasi zinen musikan, ezta?
16 bat urterekin bai, Berako lagun batzuekin. Erran genuen, beno egin behar dugu talde bat. Julenek [bere taldekidea artean] esan zidan, ‘Joseba zuk erakutsi gitarra jotzen eta nik ikasiko dut’. Eta nik bi urte neraman gitarra jotzen. 18 urterekin maketa bat grabatu genuen Ameba izenarekin. Gero SextySexers izena hartu genuen. Institutu bukaerako garai hartan izan ziren hasierak, gutxi gora behera.
Joseba Irazokik eman zizkizun gitarra eskolak.Joseba kasualitatez izan zen nire irakaslea. Nik banuen beste irakasle bat Berako musika eskolan. Baja hartu zuen urtebetez, eta sartu zen Joseba, eta niretzat kristorena izan zen. Zalantza nuen, jarraitu gitarrarekin edo ez. Erran nuen, ‘izena emango dut beste urtebetez, eta ikusiko da’. Eta tokatu zitzaidan Irazokiren urtea. Berak markatu zuen nire hurrengo urteetako bizitzaren norabidea. Utzi izan banu gitarra uzteari garai hartan ez dakit zer pasatuko zen. Gaur egun ezin dut nire bizitza ulertu gitarrarik eta musikarik gabe. Izugarria izan zen Josebarekin ikastea. Urtebete izan zen, baina ehunka kontzertutan ikusi dut, gaztetan leku pila batera mugitzen ginen bera ikustera, Beti erreferentzia garrantzitsu bat izan da. Eta egun esan dezakegu lagunak garela [barrez].
Pertsona inportantea izan da beraz zure ibilbidean.
Bai, kasualitatez agertu zen, baina bestela ere nik uste dut agertuko zela geroago. Momentu probidentzial bat izan zen, zalantzak nituen, bera agertu zen, eta… Kriston kaña sartu zidan bere eskoletan. Hasten zen bera jotzen, eta jarraitzen saiatzen nintzen baina…Pilak jarri zizkidan klaseetan. Lehen eskolan gogoratzen naiz esan zidala, ‘gustatzen zaizu Hendrix?’. Eta niretzako onena zen. Hortik ongi hasi ginen. Nire musika gustuak garatzen joan naizen heinean, gero eta gehiago joan naiz apreziatzen berak egindako lana. Beti ikasten eta gozatzen duzu bera ikuste hutsarekin. Rockzalea izan zara betidanik?
Txikia nintzenean ez nuen gusturik. Taldea sortu nuen arte ez behintzat. Urte haietan hasi nintzen Hendrixekin flipatzen. Rock and roll talde klasiko batzuk… Ordu arte musika gustatzen zitzaidan. Nire amak beti esan izan dit musika jartzen zuela, edo pianoa jotzen zuela, eta ni musikaren erritmoa jarraitzen hasten nintzela, hankarekin edo. Suposatzen dut txikitatik banuela sentsibilitate berezi bat, musika apreziatzen nuela. Haurtzaroko oroitzapenak musikarekin. aldiz, ez ditut batere garbiak. Baina bai oroitzen naiz, adibidez, nire ama garai batean Berako koroko zuzendaria izan zenean. Inoiz koruaren entseguetara eramaten zidala nire aita lanean zenean. Entsegura eramaten zidan, eta oroitzen dut musika barneraino iristen zitzaidala. Zerbait berezia sentitzen nuen musikarekin baina ez nuen neure kabuz musika bat aukeratu 16 urterarte edo.
Geroztik rock and rolla da. Hezi naiz rock and rollarekin. Interesatzen zaizkit gauza anitz, estilo pila bat, Afrika eta Kubako gauzak, baina gero gitarra bat hartzen dudanean… Uste dut nire izaerak beti izan behar duela rockeroa. Berez ateratzen den zerbait da, badago momentu bat jada ez dudala kontrolatzen neure burua. Eta hori uste dut ez dela aldatuko, 31 urte bete eta gero ez bada aldatu, baina beno, auskalo!
Musika beste lanbide batzuekin tartekatu izan duzu. Euskara irakaslea izan zara, besteak beste.
Lehendabizi Larrunen familiak duen jatetxean eta tabernan aritu nintzen urte batzuetan, asteburuak eta oporrak ematen nituen lanean, ikasketak egin bitartean. Euskara klaseak eman nituen AEKn hiru urtez. Eta geroztik musika dut ogibide. Ongi dago ez dudalako inoiz musika klaserik eman behar izan, hori izaten baita ohikoena. Zure kontzertuak egitetik bizimodu bat eratzea zaila da, baina beno, egiten ari naiz, kostata, baina bai, hori da nire bizia.
Gustura nago, eta nik uste dut musikaria izateko eta musikari ona izateko landu behar duzula aunitz. AEKn edo Larrunen lan egiten nuenean eguneko ordu pila bat kentzen zizkidan. Garai hartan beti pentsatzen nuen: `ea noiz bukatzen den hau, joan behar naiz kanta bat bukatzera’. Eta ez baduzu denborarik musikari eskaintzeko, zaila da. Egiten ahal da, eta jende aunitz bizi da horrela, lan paralelo batekin. Baina nik ez dut neure bizitza horrela ikusten.
Eta orain nahiz eta soilik musika egin, denbora falta dudala sumatzen dut. Ez da bakarrik kontzertura agertu eta entseatzea. Zure bidea egiteko joan behar zara bideak eraikitzen: lortu behar dira kontzertuak, jendearekin solastu, egin behar dira abestiak… Lana ez da bukatzen inoiz, eta oporretan joaten bazara ere, ez dut deskonexio total bat egiten. Uste dut nire bizitzak horrela izan behar duela betirako, beraz ingurukoei eskatu behar diet pazientzia [barrez].
Nola deskribatuko zenituzke zure taldekideak?
Gauza inportante bat dago beraiekin. Laurekin gertatu zait gauza bera: beraiek ikustera joan kontzertu batera, eta ileak puntan jartzea. Lehendabiziko gauza, beraz, musikari gisa miresten ditudala. Ezagutu nituen lehendabizi musikari bezala, eta gaur egun lagunak bilakatu dira, lagun garrantzitsuak gainera.
Denbora gehien eman dut Felix Buffekin. Berarekin egon naiz duo gisa, eta baita Willis Drummonden eta Rafael Berriorekin. Berak Audiencekin kontzertu bat eman zuen, elkarrekin joan ginen… Konpartitzen ditugu abentura pila bat musikan, eta gaur egun da nire anaia bat. Mundu guztiak daki kristoren bateria jotzaile ona dela. Hori ez dago erran beharrik. Horretaz gain badu gaitasun bat: proiektu batean sartzen denean, primeran ulertzen du nolakoa den proiektua, barneratu egiten du, eta ekoizpen artistiko bat egiteko ere badu kapazidadea.
Xan Bidegain, baxu jotzaile ona izateaz gain, badu talde osoa kanpotik ikusteko perspektiba hori, eta beti dago bera hor; ematen du goitik begira ari dela, ikusten eta entzuten nondik nora joaten ari den dena. Eta badu zuzentzeko gaitasuna. Kontzertuetan animatzaile izateko ez da hoberik. Eramaten gaitu gu berekin, eta publikoa ere eramateko gai da.
Ander Mujika, Euskal Herriko gitarristarik onenetakoa da. Beti gustuko izan dut, baina berarekin jo dudanean izan da bera berriro ezagutzea. Elkarrekin joaz konturatu naiz are musikari handiagoa dela.
Miren Narbaizarekin ere berdin. Jendeak identifikatuko du hasieran abeslari gisa, baina Mirenek askoz gehiago ematen dio taldeari, bai gitarra jotzaile gisa, eta bere ahotsarekin abestiek kriston handitasuna hartzen dute, eta niri eramaten nau oso gora. Bizipoza da gainera.
Banda perfektua lortu duzu, beraz!
Bai, errandakoa horrela pentsatzen dut. Sortu da familia txiki bat bezala. Niretzat talde hau sortu zenean, beraiek euskarri inportante bat ziren, eta uste dut denok gaudela ados horretan. Bakoitzak ditugu gure gora beherak, momentu okerragoak, hobeak, baina elkartzen garenean sortzen da magia bat eszenatokian ezin dena hitzez azaldu. Hor bizitzen dena hor bizitzen da eta listo.
Irutxuloko Hitzaren 10. urtemuga ospatzeko gaua denez, gonbidatu bereziak izango dira, eta uste dut zerbait prestatu duzuela.
Zuen urtemuga aitzakia perfektua izan da zerbait desberdina egiteko. Gurekin taula gainera igoko dira Anari, Petti eta Mikel Larratxe. Denok elkarrekin Itoiz taldearen kanta batzuk joko ditugu. Itxura ona hartu dute abestiek!
Oraindik egongo da Joseba B. Lenoir Gang zuzenean ikusi ez duenik…
Pila bat! Ez dakit zeren zain dauden [barrez]. Uste dut gurea kontzertu garden bat dela, ez dago filtrorik gu eta publikoaren artean. Ezta gure artean ere. Uste dut dela kontzertu zintzo bat, bost lagun elkarrekin musika egiten, eta batere inporta gabe, ez itxurak ez ezer. Ez dago deus planeatua. Igotzen gara agertokira, eta jotzen ditugu entseatu ditugun abestiak, jotzen ditugu barru barrutik. Rock and roll kontzertu bat da. Zati instrumental lasaiagoekin, edo zati instrumental super altu eta intentsoekin. Aspalditik genuen hemen jotzeko gogoa. Gainera lagunak hemen baditugu pila bat eta espero dugu denak etortzea sin falta! [barrez]