Ttan Ttakun irratiaren estudioan izan da, eta Joseba B. Lenoir Gang taldearen kontzertua izan du hizpide.
Irutxuloko Hitzako Nerea Lizarralde, Ttan Ttakun irratian. (Argazkia: Ttan Ttakun irratia)
Irutxuloko Hitzak, Lugaritz kultur etxearekin elkarlanean,
Joseba B. Lenoir Gang taldearen kontzertua antolatu du bihar, ostirala (urriak 16). Tokian tokiko hedabidearen 10. urtemuga ospatzeko musika eta rock festa izango da zalantzarik gabe. Joseba B. Lenoirren musika, Lugaritzeko kontzertua eta Irutxuloko Hitzaren urtemuga izan dute hizpide gaur
Ttan Ttakun irratiaren Eguerdiko Ahotsa irratsaioan. Estudiora gonbidatu dute, eta Asier Mendizabal irratiko kidearekin aritu da solasean.
Ostiraleko kontzertuaren berezitasunak azpimarratu ditu Irutxuloko Hitzak. Joseba B. Lenoir musikari beratarrak lehen aldiz joko du Donostian boskote formatu honetan.
Willis Drummond eta
Napoka Iria taldeetako kideak nahastu ditu proiektu honetan. Boskoteaz gain, zenbait musikari lagun gonbidatu ditu, eta errepertorio berezi bat prestatu du beraiekin.
Anari, Sextysexers-eko Mikel Larratxe eta Petti ere igoko dira taula gainera.
Itoiz taldearen bertsioak joko dituzte zuzenean.
Lugaritz kultur etxean bertan Irutxuloko Hitzaren presentzia egongo da. Hasieran
photo call moduko bat prestatuko dute festarako propio prestatutako azal batekin, eta
erakusketa bat egongo da astekariaren azal batzuekin. Gainera, kontzertua hasi baino lehen
topa egin eta mokadutxo bat jateko aukera izango da Lugaritzen bertan, 20:30ean.
Sarrerak salgai daude Donostia Kulturaren ohiko zerbitzuetan eta Lugaritz kultur etxean bertan, 9 eurotan.