Herritar bat edukiontzi marroira zakarra botatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Datorren urterako zerga ordenantza berria onartu dute gaur, ez-ohiko udalbatzarrean. Udal gobernuak adostasunerako borondatea azpimarratu du; 13 zerga eta tasa aztertu dituzte, eta 12tan onartu dituzte zuzenketa edo proposamenak. Zerga eta tasen igoerarekin ia bi milioi lortzea aurreikusi dute.
Ondasun Higiezinen Zergari dagokionez, %0,75 igotzea erabaki dute, EAJ, PSE-EE eta Bilduren botoekin. PP eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu dute. Miren Albistur, bozeramaile popularraren arabera, “igoerak ez du helburua justifikatzen”, hau da, zerga igota ere, alokairuko etxebizitzen merkatua ez dela mugituko esan du.
Amaia Martin, Irabazi Donostiako kidearen esanetan, berriz, “ez da igoerak egiteko momentua, herritarren egoera ekonomikoa ez delako hobetzen ari”.
Etxebizitza hutsen gaineko zerga %100ean igotzea nahi zuen Irabazik. Igoera hori %50ekoa izatea proposatu zuen, berriz, Bilduk, baina azkenik, igoera
%25ekoa izango da.
Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga %2 igoko dute; PPk bakarrik bozkatu du kontra. Zerga hau milioi bat eurotik gora sortzen duten enpresek ordaintzen dute. Ernesto Gasco, zinegotzi sozialistaren esanetan jarduera eta garapen ekonomikoa sustatu beharrekoak dira, baina “gehien daukanak, gehiago ordaindu behar du”.
Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez,
%1 igotzea onartu dute udal gobernuaren gehiengo botoekin, baina desadostasun ugari izan da alderdien artean.
Irabazi Donostiak eta Bilduk igoera “lineala” dela kritikatu dute, eta igoera mailakatu bat defendatu dute. Josu Ruiz, EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, auto nahiz motorren indarraren araberakoa izan beharko luke igoerak, “gehien kutsatzen duenak, gehien ordain dezan”.
Gune publikoak erabiltzeagatik ordaindu beharreko zergaren gainean ere eztabaida sortu da, terrazen inguruan batik bat. Dena dela, udal gobernuak terrazei zerga %5 igotzea onartu du 1. eta 2. mailako kaleetan, eta gainerakoetan %3. Jaime Dominguez-Macaya zinegotzi jeltzalearen arabera, bisitari kopurua gero eta handiagoa da, hiria turisten jomuga da, baina eskaini beharreko irudia ere zaindu beharra dago. Horregatik, “ostalariek egin beharreko ahalegina” justifikatua dagoela esan du.
Bestalde, Bilduren proposamen bati jarraiki, Konstituzio plazari eta Parte Zaharrari orokorrean maila igotzea onartu dute ahobatez. Hala,
Konstituzio plazako terrazek Bulebarrekoek adina ordainduko dute. Igoera nabarmena dela iritzita, modu mailakatuan egitea onartu du udalbatzak. Hau da, zergaren igoera progresiboa izango da legealdi guztian zehar.
Gune publikoen erabileraren barnean,
kutxazainei ordaindu beharrekoa %100 igotzea onartu dute. Irabazi Donostiaren proposamena izan da, eta gainerako taldeek ere ahobatez onartu dute.
Zaborren gaiak sortu du ika-mika handiena udalbatzako kideen artean. Udal gobernuak %5 igotzea onartu du zaborren tasa; oposizioko alderdiek aurka bozkatu dute. Ernesto Gasco sozialistak Bilduren “kudeaketa txarra” kritikatu du. “Arduragabekeriaz jokatu dute eta zaborren zerbitzuaren defizita areagotzea besterik ez dute lortu”, esan du.
Zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea ezinbestekoa dela esan du Josu Ruizek ere, baina zaborren kasuan, tasa jarduerei bakarrik igotzearen alde agertu da, eta ez familiei.
PP eta Irabaziren iritziz, zerbitzua defizitarioa izatea ez da nahikoa arrazoi igoera justifikatzeko. Albistur ere norabide berean mintzatu da, eta urteak joan eta urteak etorri tasak igotzen jarraitzeak ez duela zentzurik esan du. Arazoa “errotik” konpondu behar dela gaineratu du, eta espresuki zaborren gaia aztertzeko batzorde ez-iraunkor bat sortzea proposatu du; ahobatez onartu dute.
Alderdiek antzeko jarrera izan dute
saneamentu zerbitzuaren gaineko tasaren inguruan ere. Kasu honetan ere, udal gobernuak
%5 igotzea onartu du; Irabazi Donostiak eta EH Bilduk aurka bozkatu dute eta PP abstenitu egin da.
Azkenik,
jarduera ekonomikoak abian jartzeko tasarik ez dute ordainduko 150 metro kuadro baina gutxiago duten establezimendu eta lokalek. Ahobatez hartu dute erabakia.