Bera Berak eskubaloiko txapelketa antolatuko du; Gipuzkoako Futbol Federazioa, aldiz, hondartzako futbolaz arduratuko da.
Kiroletako zinegotzi Martin Ibabe eta Donostia Kirolako zuzendari Leire Landa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Kiroletako zinegotzi Martin Ibabe eta Donostia Kirolako zuzendari Leire Landak Eskola Kirolaren kanpaina eta berritasunak aurkeztu dituzte. Donostia Kirolak koordinatzen duen Eskola Kiroleko jardueretako programan dauden lehiaketa jarduerei hasiera emango diete asteburuan. Honela, txikienen eta kimuen mailetan 5.000 haur inguruk hartuko dute parte.
Txikienen mailako haurrek (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. maila) kirol anitzeko egutegi batean ariko dira. Hau da, hiru hilabetero kirol ezberdina landuko dute. Maila honetan 500 taldek baino gehiagok eman dute izena kirol hauetan parte hartzeko: saskibaloia 3×3, futbola-6, areto futbola, eskubaloia, hockeia, softbola, pilota eta errugbya, baita igeriketa eta atletismoko bi jardunaldi ere. Kirol mota bakoitzeko partida guztiak kiroldegi edo futbol zelai batean jokatzen dira. Aurten, guztira 17 kirogune beteko dira larunbatero gazte hauekin.
Kimuen mailan, berriz, haurrei urtean zehar gutxienez bi kirol praktikatzeko aukera ematen zaie. Aurten, 348 talde daude jada lehiaketarako prest, eta horietako %40 neskenak dira. Saskibaloiak jarraitzen du kirol praktikatuena izaten, aurten 134 talderekin, eta bigarrena futbola-8 da 117 talderekin. Maila honetan, futbola-8 egutegi bakarra izango du, hain zuzen ere, hondartza eta futbol zelaiak uztartuko dituen egutegia. Horrela, itsasaldiek hondartzan jokatzerik uzten ez dutenean, partidak belar artifizialezko futbol zelaietan egingo dira. Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatuko du txapelketa eta, nesken taldeek ere hondartzan jokatzeko aukera izango dute.
Bera Bera, sustatzaile
Maila honetan ere, zenbait lehiaketa kontzentrazioaren bidez antolatzen dira kirolguneetan, besteak beste, Altzako saskibaloia, Egiako eta Bidebietako eskubaloia eta Pio Barojako boleibola. Horren harira, Bera Bera klubaren eskubaloi sailak antolatuko du eskubaloiko txapelketa. Beraz, eskubaloian erreferente den Bera Bera klubak Eskola Kirola sustatzeko programaren parte izango da.
Lehiaketa jarduera hauetaz gain, Donostiako Eskola Kiroleko programak beste motako jarduerak ere eskaintzen ditu: sustapena izaera dutenak (Uda Kanpaina, Igeriketa Kanpaina, izotz gaineko irristaketa…) eta kirol teknikarien prestakuntzako jarduerak ere.