Kupularen egoera ahula dela argudiatu dute, eta horrek pertsonak eta ondasunak arriskuan jartzen dituela.
Arte Ederren eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ohar baten jakinarazi dutenez, hiru erakunde hauek
baimena eman dute Arte Ederren eraikinaren kupula kentzeko. Erakundeek eskatu dituzten txosten teknikoak aztertu ondoren hartu dute erabakia. Txosten horien arabera,
kupularen egoera oso ahula eta prekarioa da, eta horrek
pertsonak zein ondasunak arriskuan jartzen dituela argudiatu dute. Honela, eraikinaren kupula hondatzeko zorian dagoela argudiatu, eta etorkizunean berriro jarriko dutela adierazi dute.
Udaleko Hirigintza sailak Arte Ederren eraikinaren jabe den
SADE enpresari kupula kendu dezala agindu dio, eta ondoren berriro jarri dezala. Agindu hori berretsi egin du aldundiak, eta foru aginduan zehaztu du zein baldintzatan kenduko duten kupula, eta nola jarriko den ondoren berriro. Kupula kentzeari dagokionez, honakoa xedatu du: “proiektuaren barruan jasota egongo dira jarduera esparruaren estankotasuna bermatuko duten obrak, elementuak kentzeko obren ondoren kalteak saihesteko”. Era berean, eta etorkizunean kupula berriro jartze aldera zehaztu du “kupula jarri egingo da, Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Orokorraren barruan babestu, mugatu eta deskribatuko duen eraikinaren proiektu arkitektonikoa eta erabilera proiektua edozein dela ere”.