Erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzua hobetzea dute helburu gisa.
Erabiltzaile bat, Pio XII.eko geltokian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bonopark enpresak plangintza orokorra egingo du datozen asteetan, dBizi sistema berritzeko. Plangintzak aurreikusten du
egungo hamasei geltokiak berrituko dituztela,
erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzua hobetze aldera, baita txirrindek eta euskarriek jasaten duten bandalismoa gutxitzeko ere.
Urria amaieran hasiko dira, eta berrikuntza bat ere ezarriko dute:
ukimen-pantailak dituzten zazpi makina jarriko dituzte erabiltzaileentzako. Tresna berri horiek ondorengo geltokietan jarriko dituzte: udaletxea, Arrasate kalea, Easo plaza, Isabel II.a kalea, Katalunia plaza, unibertsitateak eta Frantzia pasealekua. Makinen bidez, erabiltzaileek aldizkako abonamenduak hartzeko aukera izango dute, eta mapan kontsulta egin ahal izango dute hiriko geltokietan erabilgarri dauden bizikleta kopuruaren berri izateko, besteak beste.
Urria eta azaroa bitartean berritzen joango dira geltokiak, eta behin
lanak amaituta, 125 bizikleta eta 245 euskarri egongo dira erabilgarri.
Berritasun gehiago
Hiritarrek sisteman
izena emateko erraztasun handiagoak izango dituzte. Hortaz, aurrez aurre dBiziko Bezeroaren Arretarako bulegoan izen-ematea ez ezik, interesa dutenek webgunearen bidez ere egiteko aukera izango dute, eta, aurki, Mugi-ren bulegoetan ere. Aldizkako abonamenduei dagokienez,
egun bateko, hiru eguneko edo bost eguneko txartelak erosi ahal izango dira. Gainera, sistemaren berritzeak geltokietako softwarea optimizatzea ekarriko du.
Honela, udalak eta Bonopark enpresak
garraio iraunkorrago baten alde egin nahi dute, hiritar zein bisitariei zuzenduta. Gainera, bandalismoak bizikleta kopurua gutxitu du, eta horri aurre egiteko
udaltzaingoak zaintza handituko du, bandalismoa kontrolatu eta saihesteko, eta zebitzu publikoaren kalitatea bermatzeko.