Ostiralean egingo dute, 15:00etatik aurrera, Anoeta estadioaren kanpoaldean.
Iazko lasterketa. (Argazkia: Felix Alvaro)
Aurreko urtetako ohiturari jarraituz, Amara Berriko Karmelo Ikastetxeak elkartasun lasterketa bat antolatu du ostiralerako. Aurtengo ekitaldian, ikastetxeko ikasle guztiek hartuko dute parte, irakasle eta zenbait gurasorekin batera. Anoetako Estadioaren inguruan korrika egingo dute, Boliviako Cochabanbako 6 urtetik beherako ehun umeei laguntzeko. Esperientzia atsegin baten bidez, ikastetxeak elkartasuna sustatu nahi du. Horretarako, korrikalariek, euren lasterketa amaitu ondoren, edozein balioko txanpon bat itsulapiko batean sartuko dute. Lasterketa 15:00etatik aurrera izango da.
Bildutako dirua, hortaz, Boliviako ume horientzat bideratuko dute. “Haur hauen gurasoak etxea utzi eta kanpora joan behar izaten dute lan egitera. Umeak txaboletan bakarrik gelditzen dira, inongo janari eta arduradunik gabe. Honen aurrean, haurtzaindegi bat egiten ari dira, dituzten behar horiek asetzeko. Guk proiektu hori aurrera ateratzeko gure laguntza eskainiko diegu”, azaldu du Karmelo ikastetxeko Felix Alvarok.