Urriaren 29ko udalbatzarrean emango diete behin betiko onarpena San Bartolome muinoko planari.
San Bartolome muinoko lanak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
San Bartolome muinoa eraldatzeko lanak aurrera doaz, eta hirigintza planaren behin betiko onarpenarekin, baita izapideak ere. Urriaren 29an dute onartzekoa behin betiko plana. Hori baino lehen, hala ere, Bilduk hainbat aldaketaren premiaz ohartarazi du.
Ricardo Burutaran, EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, zerbitzuetarako aurreikusitako eremuak kezkatzen ditu. Hau da, ez dute eremu hori, 3,600 metro kuadro gutxi gora-behera, merkataritza erabilpenetarako soilik izatea nahi. San Bartolomen merkatal gune handi bat sortzearen zurrumurruak ezinegona sortu duela Amarako herritarren artean esan du Burutaranek, eta argibideak eskatu dizkio udal gobernuari; “Hiriaren erdian merkataritza gune handi bat sortzea ez zen gure asmoa, hori ez zen gure garapen eredua, baina udal gobernuarena zein izango den jakin nahi dugu”.
Izan ere, Burutaranen arabera, San Bartolome muinoko hirigintza proiektuko hainbat ataletan Iparraldeko hegalak ‘erabilera tertzioario komertziala’ izango duela jartzen du. Urriko udalbatzarra baino lehen zuzenketa egin eta ‘erabilera tertziarioa’ zehaztea eskatu dio Bilduk udal gobernuari.
Aurreko legealdian hirigintza zinegotzia izandakoak azaldu duenez, bere garaian hiriko behar komertzialak aztertu zituzten, eta San Bartolomen hiriko eskaintzaren “osagarri” izango liratekeen jarduerak eskaintzea adostu zuten, “saltoki txikiei kalterik egin gabe”. Hemendik aurrera ere jorratutako bide beretik jarraitzea espero du Bilduk.