Hiriaren inguruko istorio beldurgarriak behar dituzte
Misterioaren Itsasargia osatuko dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zaleek.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteak ere bat egin du Donostia 2016 Hiriburutzarekin, Misterioaren Itsasargia izenekoaren bidez. Hala, itsasargi berri bat gehitu diote proiektuari, orain arteko hiruekin batera: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia, eta Ahotsen Itsasargia. Misterioaren Itsasargia beldurrezko astearekin lotua egongo da, eta transmedia-proiektu bat gauzatzea da arduradunen helburua, urte osoan barrena. Azken batean, hiriko beldurrezko istorioak jaso eta dokumentatu nahi dituzte, hiru formatutan: webdokumental interaktibo bat, bideo-joko bat, eta Paranormalak izeneko filma. Lan horiek osatzeko, herritarren laguntza beharko dute, esaterako, hiriaren inguruko istorio beldurgarri edo misteriotsu horiek lortzeko: Etxe sorginduen, mamuen, zeruko objektu identifikatu gabeen, eta antzekoen istorioak ikertu eta dokumentatu nahi dituzte:
- Webdokumental interaktiboa. Misteriodun txokoak Donostiako mapa batean kokatuko dituzte. Horretarako, jendearen partehartzea beharrezkoa izango da.
- Bideo-jokoa. Hainbat tailerren bidez elkarlanean egingo dute.
- Paranormalak izeneko filma. Axelcasas faktoriak izango du ardura. Komedia bat izango da, misterio ukituarekin. Herritarrek filmaketan parte hartzeko aukera izango dute.
MISTERIOAREN ITSASARGIA.
Egitaraua
Urriak 24, larunbata • 11:00. Transmedia, unibertso narratiboen sorrera eta sormen-ekosistemei buruzko solasaldia. • 12:30. Dokumentalen lengoaiei eta narratiba berriei buruzko solasaldia. • 16:00-19:00. Zein dokumental mota egin nahi dugun eta horretarako zein tresna erabiliko ditugun erabakitzeko tailerra. Urriak 25, igandea • 11:00. Bideo-joko bat pausoz pauso egiteko moduari buruzko solasaldia. • 12:30. Paranormalak filmari buruzko solasaldia. • 16:00-19:00. GDDa, bideo-jokoa diseinatzeko dokumentua. Laguntzaileak: Artekelab, Axelcasas, Pintxo Developer Urriak 31, LARUNBATA. Misterioaren Itsasargiaren aurkezpena Beldurrezko astearen inaugurazioaren barruan, Bulebarrean aurkeztuko dute Misterioaren Itsasargia, herritarren artean. Donostiarrei itsasargia zer den azalduko diete eta garapenean parte hartzera gonbidatuko dituzte.- 16:30. Makillaje tailerrak.
- 19:00. Voodoo-Bia. Bulebarreko kioskoa. Behobia-Donostia zonbiaren bigarren ekitaldia zabalduko du buduak.