Pasabidean 100 bizikletentzako aparkalekua egitea aurreikusi zuen aurreko gobernuak.
Karlos I.aren hiribideko pasabidea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Axier Jaka EH Bilduko zinegotziak gogor kritikatu du
Karlos I.aren hiribideko pasabidea lurperatzeko asmoa. Aurreko legealdian adostu eta 2015eko aurrekontuetan islatuta dagoen proiektu bat badagoela adierazi du Jakak, baina udal gobernua “egindako guztia desegiten tematuta” dagoela salatu du.
Lurrazpiko pasabidea ixteko erabakia “ilogikoa eta arduragabea” dela esan du Jakak, eta erabaki hori atzera botatzeko eskatu dio udal gobernuari. Bilduko zinegotziaren esanetan, hiribidearen eraldaketak erabilerarik gabe utzi du pasabidea, eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko azpiegitura bat egitea da irtenbiderik egokiena. Bere garaian amaratarren oniritzia eta Kalapie elkartearen oniritzia jaso zuela proiektuak gogoratu du Jakak.
Karlos I.aren hiribidean
100 bizikletarentzako aparkaleku automatizatu bat jartzeko proiektua garatu zuen Bilduren gobernuak. Katalunia plazako eta Kontxako aparkalekuekin batera, Europako sari bat jaso zuen mugikortasun proiektuak eta baita garatzeko diru laguntza bat ere. Udal gobernuaren erabakiak “Europarekin hartutako konpromiso bat” apurtzen duela salatu du Jakak, eta hiriaren irudia asko kaltetuko duela. Ernesto Gascorentzat izan ditu bereziki kritikak: “alferrik da Copenaghera bidaiatzea ideiak jasotzeko, neurri horiek hirian betetzen ez badira. 7.000 bizikletarentzako aparkaleku bat inauguratu berri dute hiri hartan; hemen berriz, nahiago dute pasabidea itxi”.
Pasabidea lurperatzeak bizikletentzako aparkalekua egitea baino kostu handiagoa duela gaineratu du Jakak; 50.000 euro aparkalekuak eta 200.000 pasabidea lurperatzeak.