"Kartzelan sartu gintuztenean bezain gogotsu gaude, edo gogotsuago"
Arkaitz Rodriguez Bateragune auziko preso ohia elkarrizketatu du Berria-k.
manifestazioaren atarian elkarrizketatu zituen. Hemen Arkaitz Rodriguezek (Altza, 1979) Berria-ko Enekoitz Esnaola kazetariari egindako adierazpen batzuk:
“Ni Donostian nintzen Polizia etorri zenean, LABen egoitzan. Rafa Diezekin nengoen, haren bulegoan, eta biok han atxilotu gintuzten, nahiz eta hasiera batean Rafa atxilotzeko agindurik ez zuten, eta hala esan zioten, gainera, ez kezkatzeko eta joateko LABeko kideengana, baina ia ordu erdi batera, poliziaburuak dei bat egin ostean, jakinarazi zioten atxilotuta zegoela. Egoitza berean ziren Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Rufi Etxeberria, eta haiek ere atxilotu zituzten. Nire lehen sentipena izan zen estatuak, akaso, lortuko zuela gelditzea ezker abertzaleak esku artean zeukan hausnarketa estrategikoa. Baina 2009ko urriaren 13an bertan, gu atxilotu baino ordu erdi bat-edo lehenago posta elektronikoz zabaldu genuen eztabaidarako txostena, 300-400 bat lagunekin hitz egin ondoren osatu genuena“.
“Nire lehen inpresio ezkor hura baztertu egin nuen jakin nuenean operazioaren aurkako manifestazio zabala eta handia izan zela Donostian, eta eztabaidarako txostena dozenaka milaka lagunek hartu zutela Internetetik”.
“Operazioa baino urte eta erdi bat lehenagotik bagenituen jarraipenak; lauzpabost itzal genituen, eta estatuak bazuen nahikoa informazio zertan ari ginen jakiteko. Zergatik egin zituen egun hartan atxiloketak eta ez lehenago? Saiatu, saiatu ziren. Estatuaren ahalegina ezker abertzalea apurtzea zen. Rubalcabak oso lelo esanguratsu batekin laburbiltzen zuen: “Edo botoak, edo bonbak”. Inondik inora espero ez zutena zen ezker abertzaleak era batu eta kohesionatuan botoen aldeko eta estrategia independentista soilik politiko eta demokratiko baten hautua egitea. Ikusi zutenean hori horrela izango zela eta, beraz, ez zela apurketarik izango, momentu hartan erabaki zuten eten beharra zegoela, bertan behera utzi beharra zegoela”.
“Bai, ale bat jarri dugu, baita ordaindu ere kartzelarekin, baina eztabaida egin baino urte batzuk lehenago bazen behar bat, nahi bat, eta adostasun handia zegoen ezker abertzalearen oinarrietan eta militantzian, baita euskal gizartearen parte handi batean ere”.
“400 bahitu politikotik gora izanda, estatuaren asmoa da herri honek Kataluniaren bideari jarrai ez diezaion lortzea, hori galaraztea. Gure eginbeharra da ahal den bahitu gehien ateratzen hastea kartzeletatik. Ez dugu atsedenik hartuko azken presoa etxera ekarri arte”.
“Estatuak orain artean neurri batean asmatu du, presoak bahituta edukirik prozesua trabatuz etsipen sentsazio bat zabaltzea nahi izan duelako. Saiatu behar dugu eskura ditugun bitarteko guztiekin motxila hori arintzen, baina, batez ere, askapen prozesuan aurrera eginez, independentziarako prozesu baterako oinarriak gaurdanik lantzen. Horrek indartsuago egingo gaitu, eta estatuak, ahulago. Zutik Euskal Herria-n marraztutako filosofia esaldi horretan laburtu daiteke. Ez du misteriorik. Esaten genuen: erlatiboki erraza da; egunez egun independentista gehiago izatea lortu behar dugu, eta, bide batez, horrela estatua behartuta sentitzeko espetxeetako ateak zabaltzeko. Prozesu mota hori martxan jarriz, hurbilago legoke preso guztien askapena”.
“Kartzelan sartu gintuztenean bezain gogotsu gaude, edo gogotsuago. Preso egon garen aldian irakurtzeko eta formatzeko aukera eman digu estatuak… Aurrera begira, geure ahalen araberako ekarpenak egingo ditugu, eta herriak esango du zein den gutako bakoitzaren tokia”.
Bideoa: Berria.
Duela sei urte, 2009ko urriaren 13an izan zen Bateragune auziko operazioa, eta Espainiako Estatuko auzitegiek kartzela zigorra ezarri zieten Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezi, ETArekin lotuta. Ezker abertzalea estrategia politiko-militarretik soilik politikora bideratzeko lan egiteagatik Espainiako Estatuak azken sei urteetan preso eduki ditu. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez joan den urriaren 11n atera ziren espetxetik, zigorra osorik beteta. Berria-k asteburuko