Guifi.net sarea Donostia eta inguruan zabaltzen hasiko da
Telekomunikazio sare ireki eta askeari buruzko saio bat egingo dute igandean, Txondorra gunean.
Telefono konpainietatik kanpo, legezko sare bat sortzea proposatzen du Guifi.net proiektuak. Katalunian sortu zen, eta Euskal Herrian ere zabaldu da jada. Internet eta beste hainbat zerbitzu partekatzeko sarea da. Sarea erabiltzaile guztien jabetza denez, ez dago erabaki guztiak hartzen dituen enpresarik, eta horregatik esaten da sare neutrala dela.
Donostialdean hedatzen hasiko da laster eta horretarako hitzaldi bana egingo dute Pasai Donibanen eta Donostian. Donostian Egian emango dute hitzaldia, Txondorra gunean. Igandean izango da, hilaren 25ean, 12:00etan.
Guifi.net proiektua zer den eta orain arte egindako bidea azalduko dute. Ondoren bazkaria egingo dute oraindik zehaztu gabe dagoen auzoko taberna batean. Bazkalondoren mintegi praktiko bat egingo dute, eta supernodo bat nola muntatzen den erakutsiko dute. Gisa Elkarteak antolatu ditu hitzaldiak.