Illunbeko finalerako sarrerak salgai daude jada
Asteburuan bi saiorekin itzuliko da lehia; Lau donostiar arituko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetan.

Asteburuan bi saiorekin itzuliko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Urretxu-Zumarraga eta Errenteriako saioekin hasiko da final laurdenetako fasea. Larunbatean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan sei bertsolari igoko dira oholtzara eta igandean, berriz, Errenteriako Agustina Otaola raketista profesionala pilotalekuan izango da saioa. Ohi bezala, final laurdenetako saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Horrez gain, gaur bertan jarri dira finaleko sarrerak salgai.
Lau donostiar lehiatuko dira final laurdenetan: Zubietako Asier Azpiroz, Añorgako Unai eta Beñat Gaztelumendi eta Amarako Manex Mujika.
Larunbat honetan Agin Laburu, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo ariko dira Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Itziar Etxezarretak aurkeztuko du 17:30ean hasiko den saioa. Bertan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den lehen finalaurrekorako.
Igandean Errenteriako Agustina Otaola reketista profesionala pilotalekuan (Fanderiako pilotalekua zena) izango da saioa. Bertan ere sei bertsolari igoko dira oholtzara: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” eta Jon Martin. Final laurdeneko lehen sailkatua azaroaren 29an Tolosako Usabal kiroldegian jokatuko den finalaurrekorako sailkatuko da zuzenean. Imanol Artola “Felix” izango da saioko aurkezlea.
Bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 8 euroan eta gainerakoena 11 euroan. Saioetako egunean sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.
Abenduaren 19ko finaleko sarrerak, salgai
Bestetik, gaurtik aurrera salgai daude Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak. Donostian izango da finala, Illunben. Horiek ere Internetez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean edo Gipuzkoako hainbat salmenta gunetan (zerrenda osoa hemen). Finaleko sarreren prezioa honakoa da: 10 euro gaztetxoentzat; 15 euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 20 euro gainerakoentzat. Gogoan izan azkenean txapelketako finala abenduaren 19an jokatuko dela, eta ez 20an, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan.


