Pelikula sagako 60 pieza baino gehiago jasotzen ditu erakusketak; guztiak ere Jose Maria Arosaren bildumakoak.
Yoda pertsonaiaren panpina jarri dute erakusketaren hasieran. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Jose Maria Arosak
Star Warseko panpinak jasotzen ditu bost urte zituenetik; orain, bere bildumaren zati bat ikusteko aukera dago,
Aiete kultur etxean. Hain zuzen ere,
Star Wars Aiete izeneko erakusketa antolatu du kultur etxeak,
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan. Arosa bizkaitarra da, eta bere etxean, guztira, 10.000 pieza baino gehiago ditu; horietatik 60 inguru ekarri ditu Aietera. Hala, tamaina guztietako panpinak eta beste hainbat elementu ikus daitezke, eta tartean dira: Darth Vader, Padme Amidala, Yoda, R2-D2, C-3PO, Darth Maul, laser ezpatak, kaskoak… azaroaren 15a arte egongo da zabalik.
George Lucas zinemako gidoilari, zuzendari eta ekoizleak asmatutako sagako lehen filma 1977an estreinatu zuten. Ordutik, fenomeno bat bihurtu zen mundu osoan, eta arrakasta hari esker, Lucasek
Jatorrizko trilogia deitutakoa osatu zuten segidako bi filmen finantzaketan parte hartu zuen. Hamasei urte geroago, 1999an, hurrengo filma iritsi zen zinematara. Eta aurtengo abenduan, hirugarren trilogiako lehenengo filma estreinatuko dute. Hala ere, oraindik estreinatu gabeko film horren pertsonairen bat ere badago erakusketan, bb-8 droid, esaterako.
Jose Maria Arosak Espainiako
Star Wars aldizkaria editatu zuen lau urtez, 2005 arte (bi hilabetean behin argitaratzen zuten). Lan horren harira, pare bat aldiz aukera izan zuen pelikulen filmaketetan zuzenean egoteko, George Lucasekin, aktoreekin eta teknikariekin.
‘STAR WARS AIETE’
- Proiekzioak: Sagako sei filmak proiektatuko dituzte, gaztelaniaz. Aiete kultur etxean. Urriaren 22an (18:00), Episodio I: La amenaza fantasma; urriaren 23an (18:00), Episodio II: El ataque de los clones; urriaren 30ean (18:00), Episodio III: La vengaza de los Sith.
- Plastic Galaxy: The Story of Star Wars Toys ingeleraz eskainiko dute, gaztelaniazko azpidatziekin, urriaren 28an, 19:00etan.
- Bisita gidatua: Jose Maria Arosa bildumagileak erakusketaren bisita gidatu bat eskeiniko du, Darth Vader eta L501eko soldaduak lagunduta, urriaren 29an . Nahi duena mozorroturik joan daiteke. Urriaren 29an, 19:00etan.
- Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan, Antzoki Zaharrean I Am Your Father estreinatuko dute. David Prowseren omenezkoa filma da. Bera Darth Vader izan zen lehenengo trilogian, eta bere aurpegia ez zen agertu. Azaroaren 6an.
Jose Maria Arosa bildumazalea, bere panpinetako batekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)