Udazkeneko festa ospatuko dute Uliako lore baratzetan
Igandean egun osoko jaialdia egingo dute.
2007an Uliako udal mintegiak itxi zirenetik, lursail hori auzotarrentzat irekitzeko aldarrikatu du auzo elkarteak. Aldarrikapen hori Uliako Lore Baratzak proiektuarekin indartu zuten, eta hori aurrera ateratzeko baimena lortu zuten iaz.
Elkarteko kideak komunitatearekin parke bat egiteko lanean ari dira geroztik; eta Uliako lore baratzak herritar guztiekin partekatzen ari dira, parkea inguratzen duten hesiak irekiz.
Igandean egun osoko festa egingo dute: udazkeneko jaialdia. Goizean, 9:00etan irekiko dute parkea. Musika tailer bat egingo dute 11:00etan, Txiki Foxeselin. Eguerdian udazkeneko landaketa egingo dute, eta ondoren auzo bazkarian elkartuko dira. Bazkalondoren, 16:00etan, zuzeneko musika emanaldia emango du The Cotton Tails taldeak. Ondoren Uliako Lore Baratzak proiektuaren inguruko bilera irekia egingo dute.
XIX. mendeko ur biltegiak ezagutzeko bisita gidatuak ere egingo dituzte. Jada beteta daude bisita taldeak.