Jaialdia urriaren 31 eta azaroaren 6a bitartean egingo dute. Film Laburren Nazioarteko Sailean 14 lan aurkeztuko dituzte. 29 film egongo dira euskaraz bikoiztuta edo azpidatzita.
Ane Gabarain aktore donostiarra, ‘Samina ‘film laburrean.(Argazkia: Samina)
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXVI. Astea ate joka dago jada, datorren urriaren 31tik azaroaren 6ra izango baita hirian. Jaialdia atzo aurkeztu zuten, Viktoria Eugenia Antzokian. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendari Josemi Beltran, udaleko Kultura arduradun Miren Azkarate eta aldundiko ordezkari Patxi Presa bertan izan ziren jaialdiaren xehetasunak emateko.
Film Luzeen Sail Ofizialean 23 pelikula lehiatuko direla jakinarazi zuten; Film Laburren Nazioarteko Sailean, berriz, 14. Horretaz gain, honako sailak egongo dira Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean: Wes Craven: Omenaldia; Animazio Film Laburren Saila; Espainiako Film Laburren Saila; Jarraitu grabatzen!; eta Haurrentzako Zinema.
Guztira, 29 film egongo dira euskaraz bikoiztuta edo euskaraz azpidatzita.
Euskal sortzaileek euskaraz egindako lanak ere izango dira jaialdiaren barnean:
Euskal Harriaren ABDak (Film Luzeen Sail Ofiziala) eta
Samina (Espainiako Film Laburren Saila).
Euskal Harriaren ABDak hainbat lagunen artean osatu dute, eta Katihotsak Logia taldearena da jatorrizko ideia; Gidoilarien artean Koldo Almandoz donostiarra dago; 126 minutuko iraupena du. Sorginkeriazko film barregarria eta erakargarria dela diote.
Samina, 10 minutuko film laburra da, eta Kristina Zoritak zuzendu du. Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxeak egin du ekoizpen lana, eta Ane Gabarain donostiarra dago aktore taldearen barnean. Amak Ramona utzi omen du, eta amonak hori behin eta berriro gogoraziko dio, eta horrek Ramonari mina egingo dio.
Sarrerek 7’40 euro balio dute. Haurrentzako zinema, ordea, doakoa izango da, baina gonbidapenak lortu behar dira urriaren 28tik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.
Hainbat eta hainbat film eskaintzeaz gain, jarduera paraleloak ere izango ditu jaialdiak, hirian barrena jarritako erakusketekin.
Iberia FX: Eskarmentua eta artifizioa Espainiako Zineman izeneko erakusketa zabalduko dute Okendo kultur etxean, urriaren 31tik abenduaren 19ra;
Mai Egurza, Euskadi Fantastikoa XI izeneko erakusketa Udal Liburutegi Nagusian –Alderdi Ederrekoa– zabalduko dute, urriaren 30etik azaroaren 14ra; eta
Inercia, Antonio Hitos izeneko erakusketa zabalik dago dagoeneko Fnac-en, azaroaren 10era arte.
Star Wars sagari buruzko erakusketa ere programan sartu dute. Aieteko kultur etxean ikusgai dago honako hau, azaroaren 15a arte.
Urriaren 31n hasiko da jaialdia eta Bulebarrean egingo dute inaugurazio ekitaldia.
Donostia 2016rekin bat
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak ere bat egin du Donostia 2016 Hiriburutzarekin, Misterioaren Itsasargia izenekoaren bidez.
Hala, itsasargi berri bat gehitu diote proiektuari, orain arteko hiruekin batera: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsen Itsasargia. Misterioaren Itsasargia Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lotua egongo da, eta transmedia-proiektu bat gauzatzea da arduradunen helburua, urte osoan barrena.
Azken batean, hiriko beldurrezko istorioak jaso eta dokumentatu nahi dituzte, hiru formatutan: webdokumental interaktibo bat, bideo-joko bat eta
Paranormalak izeneko filma. Lan horiek osatzeko herritarren laguntza beharko dute, esaterako, hiriaren inguruko istorio beldurgarri edo misteriotsu horiek lortzeko: Etxe sorginduen, mamuen, zeruko objektu identifikatu gabeen eta antzekoen istorioak ikertu eta dokumentatu nahi dituzte.
Webdokumental interaktiboaren bitartez, misteriodun txokoak Donostiako mapa batean kokatuko dituzte. Horretarako, jendearen parte hartzea beharrezkoa izango dute; bideo-jokoa hainbat tailerren bidez elkarlanean egingo dute; eta
Paranormalak izeneko filma egiteko Axelcasas faktoriak izango du ardura. Filma Komedia bat izango da, misterio ukituarekin. Herritarrek filmaketan parte hartzeko aukera izango dute.
Azken urteetan Nekrogunek bete duen funtzioa hartuko du Misterioaren Itsasargiak, eta asteburu honetan bertan hasiko dira lanean, Transmedia Weekend izenekoaren bidez. Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan bilduko dira, San Jeronimo kaleko kripta edo sotoa bezala ezaguna den tokian, eta proiektuan parte hartu nahi duen edonori zabaldurik egongo da.
Hala, bihar eta etzi, solasaldiak eta tailerrak egongo dira aukeran; 11:00etatik 19:00ak bitartean, hain zuzen ere.