'Herriko tabernen’ auziaren behin betiko erabakia urtea amaitu baino lehen jakinaraztea espero dute. 04/08 sumarioan eta ‘Ekin auzian’ ere badago auzipetu donostiarrik
‘Herriko tabernen’ auzian zigortutako Joseba Alvarez, Juani Lizaso eta Agus Rodriguez. (Argazkia: L.Ferreira)
Astelehenean ekin zioten Askapenaren aurkako epaiketari; herriko tabernen 35/02 sumarioaren epaia, berriz, uztailean berretsi zuten; eta oraindik Segurako polizia operazioan 2007an atxilotutakoen eta Ekin auziko auzipetuen epaiketak gelditzen dira egiteko. Askapenaren aurkako auzian izan ezik, gainontzekoetan zenbait donostiar daude tartean. Hauen egoeraren errepasoa egin du IRUTXULOKO HITZAk, ondorengo lerroetan.
Hamaika urte geroago
Herriko tabernen auziagatik, 2002ko apirilaren 29an hainbat lagun atxilotu zituen poliziak, lau donostiar barne: Agus Rodriguez, Joseba Alvarez, Juani Lizaso eta Joseba Permach.
Agus Rodriguez (Gros, 1972) bere semea jasotzera zihoala atxilotu zuten. «Lau urteko semearen bila joan behar nintzen, eta une horretan nire kezka eta ardura bakarra bera zen. Polizia emakume bati eskatu nion mesedez nire bikotekide ohiari dei ziezaiola, eta azkenean hala egin zuen», gogoratu du.
Polizia etxean bost egun eman zituen, eta beste lau egun Madrilgo Soto del Real espetxean, Baltasar Garzon epailearen aurretik pasa baino lehen. Bere gurasoek 30.000 euroko bermea ordaindu ostean atera zen: «Gure auziko bermeekin bakarrik 932.000 euro atera dituzte; izugarria da», esan du Grosekoak. Epaiketaren kostua ere handia izan zela adierazi du, bost hilabetetan 46 saio inguru eduki baitzituzten: «Jendearen elkartasunagatik izango ez balitz… Librek antolatutako jarduera eta bestelakoengatik lortu dugu honi aurre egitea». Kalte ekonomikoaz gain, astero sinatzera joan behar du, eta Espainiatik ateratzea debekatua dauka.
Atxilotu zituztenetik hamaika urtera hasi zuten epaiketa. 2014ko uztailean Auzitegi Nazionalaren epaiaren berri izan zuten. Alde batetik, Donostian zortzi lokal konfiskatzeko agindu zuen epaileak: Hontza, Marruma, Herria, Haritza, Txalaka, Aitzkora, Antiguotarrak eta Ilunbe. Bestetik, Alvarez eta Permachi hiru urteko zigorra ezarri zien, «ETAren fronte instituzionala» osatzea leporatuta, eta, beraz, ETAko kide izateagatik.
Lizaso eta Rodriguezi, berriz, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien. Azken bi hauen akusazioa bat-batean aldatu zela azaldu du Rodriguezek: «Instrukzioak iraun zuen bederatzi urteetan mantendu zuten, baita epaiketak iraun zituen lau hilabetetan ere. Hasieran zortzi urte eskatzen zituzten guretzako. Beraiek frogak eta lekukoak hasierako akusazio horretara bideratu zituzten. Baina epaiketaren azken aurreko egunean dena hankaz gora jarri zuen epaileak, eta ETA finantzatzen laguntzetik ETAri laguntzera pasa ginen, elkarte haiek «ETAren egitura» finantzatzen zutelako. Elkarte hori Batasuna da, baina gu atxilotu gintuztenean Batasuna legezkoa zen».
Aurtengo uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi du, eta partzialki onartu ditu Alvarez eta Permachek aurkeztu zituzten helegiteak. Honela, urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri die. Auzia denboran luzatu izana hartu du kontuan epaileak zigorra murrizteko. Gaitasungabetzea ere ezarri die tarte horretan; seina urtekoa.
Lizaso eta Rodriguezi, aldiz, zigor hirukoitza ezarri diete: hamabost hilabeteko espetxealdia, 540 euroko isuna eta lau urteko gaitasungabetzea. «Terrorismo kasuetan, Auzitegi Gorenak itzultzen du auzia gu epaitu gintuen epai gelara, hark eman zuelako lehenengo zigor epaia. Hor daude hiru magistratu, eta haiek erabaki behar dute gure zigorren betetzea», azaldu du auzipetu donostiarrak.
Rodriguezen kasuan, hamabost hilabeteko espetxealdiaren zigorraren aurrean, hiru aukera ditu: espetxera joatea –ia baztertu duten ideia–; isun batengatik ordezkatzea –ez da ohikoa horrelakorik egitea–; edo barkamen baldintzatua, hau da, bi urte eta bost urte bitarte edozein delitu egingo balu, zuzenean kartzelara joango litzateke. Ziurrenik azken honen alde joko dutela uste du.
Aurtengo uztailean Gorenak epaia berretsi zuenean, 35/02 sumarioko auzipetuek ez zuten abisurik jaso. «Prentsaren bidez jakin izan genuen epaiarena. Jakinarazpena etxera aurreko astean iritsi zitzaidan; beraz, ofizialki astelehenean jaso dut», adierazi du Rodriguezek.
Behin betiko erabakia urte amaiera baino lehen emango dutela uste du: «Egun hogei pertsona espetxera sartzea ez da albiste, baina herriko taberna bat ixtea bai da notizia. Horregatik, gure susmoa da, abenduaren 20an Espainiako hauteskunde orokorrak izanik, hauteskundeetatik hurbil itxiko dituztela lokal ezagunenak, argazki hori izateko».
Magistratuen epaiaren aurrean herriko taberna guztiek helegitea aurkeztuko dutela azaldu du Rodriguezek, baita zigortutako hainbat lagunek ere: «Nik nire burua errugabetzat jotzen dut. Garai horretan Batasuna legez kanpokoa ez zela argudiatuko dugu, eta akusazio batetik bestera egon den jauziak sortu digun babesgabetasuna ere bai». Horrelako epaiketa politikoek ez dutela zentzurik salatu du Grosekoak, eta bake prozesua etengabe oztopatzen ari direla: «Negoziazio politikoa egiten ez digute uzten».
Azaroan, epaiketa
Segurako polizia operazioan atxilotutakoak 04/08 sumarioan daude auzipetuak; Iñigo Balda eta Nuria Alzugarai donostiarrak, tartean. Ikerketak 2005ean hasi baziren ere, 2007ko urriaren 4an Seguran eginiko polizia operazioarekin egin zen ezaguna auzia. Han, bilera batean zeuden ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz.
Sarekada horretan hainbat kide eraman zituzten; horiei fiskalak leporatzen die 2005etik legez kanporatuta zegoen Batasuna alderdiaren mahai nazionala berriz osatu nahi izatea, ETArekin batera adostutako estrategia baten barruan.
Honela, urtarrilean, auzipetuak hamarna urteko espetxe zigor eskaerei aurre egitekoak ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketa, ordea, bertan behera utzi zuten, egun batzuk lehenago hainbat abokaturen aurkako polizia operazioan defentsako abokatuak atxilotu zituztelako.
ETAk su-etena amaitu eta lau hilabetera atxilotutako ezker abertzaleko kideak akusatuen aulkian eseriko dira, azaroaren 16tik aurrera. ETAko kide izatea egotzita epaituko dituzte.
Elizaran eta Aierbe
Ekineko kide izatea leporatuta, Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an bi donostiar atxilotu zituen: Ugaitz Elizaran intxaurrondotarra eta Urko Aierbe egiatarra.
Aierbe Egian atxiki zuten, gurasoen etxean. Auzoan hainbat taldek egoitza duten gaztelekua ere miatu zuten. Garai hartan, Tan Ttakun irratikoak biltzen ziren han, baina Guardia Zibilak itxi egin zuen gazteleku osoa, eta irratiaren emisioa moztu.
Intxaurrondon atxilotu zuten Elizaran. Guardia Zibilek etxea miatzeko beharrezko agindua ez zutenez, liskarrak izan zituzten, eta hori eskuratu bitartean, Zulo Zahar elkartea miatu zuten.
Atxiloketen ondoren, behin-behineko espetxealdian ia bi urte eman zituzten. «Ekineko kide izanda, ETAren komisario politiko izatea» leporatu zieten atxilotu zituztenean. Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa. Elizaranek 5.000 eta Aierbek 9.000 euroko bermea ordainduta, aske utzi zituzten.
Orain epaiketaren zain daude. Data zehaztu gabe dagoen arren, urtea amaitu aurretik abiatzea espero da. Aierberentzako bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, Ekineko zuzendaritzako kide izatea egotzita. Ugaitz Elizaranen kasuan, aldiz, hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du. Akusazio partikularrek zigor eskaera handiagoak egin dituzte: AVTk hamabina urteko espetxe zigorra eta hamabosna urteko gaitasungabetzea. Dignidad y Justiciak hamaika urteko espetxealdia eta hamabosteko gaitasungabetzea Elizaranen aurka
Mobilizazioak egingo dituzte epaiketak salatzeko
Antiguako frontoian egin zuten agerraldia, larunbatean. (Argazkia: L.Ferreira)
Eskubide zibil eta politikoen alde, udazkena laranjaz tindatuko dutela aurreratu dute Libre eta Eleak mugimenduko kideek. Hain zuzen ere, Askapenako, Segurako sarekadako eta Ekineko auzipetuen harira, baita herriko tabernen auziaren egoera salatzeko ere, mobilizazioak egingo dituzte. Jarduera hauen guztien berri emateko, agerraldia egin zuten Antiguako frontoian, joan den larunbatean.
Hainbat auzipetu bildu ziren bertan, eta aurreikusitako jarduerak zerrendatu zituzten: Euskal Herriari elkartasuna adierazteko eta epaiketa politikoen aurka, esaterako, manifestazio bat egingo dute urriaren 31n, Madrilen; bestalde, azaroaren 14 eta 15eko asteburuan, hamarnaka jarduera antolatuko dituzte Euskal Herri osoko herriko tabernetan. Datozen egunetan emango dituzte zehaztasun gehiago.
«Nolatan da posible?»
«Ikasturte politikoaren hasieran gauden honetan, salbuespenaren eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen egiturazko urraketaren argazkia helarazi nahi diogu euskal jendarteari». Halaxe hasi zuen larunbateko agerraldia Eleak mugimenduko kide Aratz Zearretak. Eskubideak praktikatzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionala zapaldu duten pertsona edo antolakundeen argazkia dela esan zuen. Izan ere, auzipetu ugari daude oraindik epaitegitik igaro eta epaiarik jaso ez dutenak edo epaiketaren zain daudenak.
«Nolatan da posible argazki hau 2015eko urrian? Salbuespen politiken, salbuespen legedien eta salbuespen epaitegien beharra borroka armatuak justifikatzen omen zuen; baina urteak dira gure herrian existitzen den biolentzia politika antolatu bakarra instituzionala dela», adierazi zuen Zearretak.
Gainera, Espainiako estatuak «disidentziaren aurkako arma» gehiago aurkezten jarraitzen duela salatu zuen: Mozal Legea eta Zigor Kodearen erreforma, besteak beste. «Disidentziarako eskubidea bera ukatzen digute. Gure esku dago ukazio horiek gainditzea».
Denboraren poderioz, borrokak eta praktika orokortuak delitu zen hori eskubide bihurtzen dela erakutsi dietela esan zuen: «Boteretsuek ez dute inoiz gogo onez onartu pertsonok eta herriok geure burua gobernatzen saiatzea, objektu pasibo izateari utzi eta subjektu aktibo bilakatu nahi izatea. Eskuratu dezagun, beraz, oparituko ez digutena; behartu ditzagun salbuespen iraunkorrean gure eskubideak errespetatzera», erantsi zuen.
Ongietorria egin diote Arkaitz Rodriguezi
Sei urte igaro ditu kartzelan Arkaitz Rodriguez altzatarrak, Bateragune auzia dela-eta. Arnaldo Otegi eta Rafa Diez espetxean daude auzi horrengatik, eta bi hauen askatasuna aldarrikatzeko manifestazio bat egin zuten larunbatean, Donostian. Bertan egon zen Rodriguez, aske geratu diren Sonia Jacinto eta Miren Zabaletarekin batera. Hiruei ongietorria egiteko baliatu zuten mobilizazioa.
Rodriguezek lanean jarraituko dutela aurreratu zuen: «400 bahitu politikotik gora izanda, estatuaren asmoa da herri honek Kataluniaren bideari jarrai ez diezaion lortzea. Gure eginbeharra da ahal den bahitu gehien ateratzen hastea kartzeletatik. Ez dugu atsedenik hartuko azken presoa etxera ekarri arte.