Zubi berria datorren maiatzerako eraikitzea espero dute; bitartean trafikoa Sarroetatik bideratuko dute.
El Pilarreko oinezkoentzako pasabide berria, Martutenen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eneko Goia alkatea, Ingurumen eta Politika sailburu Ana Oregi, eta Iñigo Ansola Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia Martutenen izan dira,
ur goraldiei aurre egiteko proiektuaren lehen faseko lanak ikusteko. Lanak “erritmo onean” doazela adierazi dute, eta Eduardo Sancho lanen zuzendariak hainbat xehetasun eman ditu.
Lehenik eta behin,
ibilguaren zabalera nabarmen zabaldu dutela azaldu du; gune batzuetan ia bikoiztu egin dute. Hala, ibaiaren zabalera 25 bat metrokoa izatetik, 45 eta
50 metro artekoa izango da lanak amaitutakoan. Horretarako lurra ateratzen ari dira ibai ertzetatik.
Bestalde, ur goraldietan arazoak sortzen dituzten “bi oztopo hidrauliko” nagusiak eraitsi egingo dituzte datorren hilean: azaroaren erdialdean
Martuteneko zubia, eta azaroaren bukaeran,
El Pilarko oinezkoentzako pasabidea. Pasabide berria -argazkian ikusten dena- dagoeneko eraikita dago, baina erabilgarria izateko, lehenik Okendotegi pasealeku osoa txukundu beharko dute. Lan hauek zubia bota aurretik egingo dituzte, beraz, oinezkoek pasabide berria prest izango dute aurki. Aurrekoa baino altuago dago, eta arinagoa da.
Trafikoa, berriz, 27 Industriagunera bideratuko dute, Sarroetatik. Zubi berriaren estruktura datorren urteko otsailean jartzen hastea aurreikusten dute, eta maiatzean erabilgarri egotea espero dute.
Lurrari eusteko horma egina dago ia ibaiertz osoan zehar. Lanik handiena euri urak bilduko dituen tankea egiteak sortuko du, baina Sanchoren arabera, oso garrantzitsua izango da auzoa urpean gera ez dadin. Ordezkari politikoen arabera, “lanak lehenbailehen amaitzea” izango da erronka.
Egokitze
lan guztiak 2016ko urte bukaerarako amaitzea espero dute. Dena dela, ibilguaren zabalera handituta eta bi zubiak botata, ur handiko sasoia iritsi aurretik “oztopo handienak kenduta” egongo direla adierazi du Sanchok.
Lanen garapenarekin pozik agertu da Eneko Goia alkatea ere, eta Udalak Martuteneko bizilagunekin izan duen “zor historikoa kitatzen” hasi direla onartu du. Dena dela, proiektua zabalagoa dela aitortu du alkateak, eta ondoren bigarren faseari, hau da, 27 Industriaguneraino heltzeko lanei jarraipena emateko borondatea erakutsi du. Horretarako, “erakunde arteko elkarlana” ezinbestekoa dela berretsi dute Oregik eta Goiak.
Era berean, biek “pazientzia” eskatu diete auzotarrei: “urte gogorra izango da, lanek hainbat egoera deseroso sortzen dituzte, baina mereziko du aurtengo negua pixka bat okerrago pasatzeak”, esan du Goiak.