70. hamarkadako argazkien bidez, denboran atzera egin du San Telmo Museoak
Sei argazkilariren lanak bildu dituzte 'Hain urrun, hain hurbil' erakusketan.
Hain urrun, hain hurbil erakusketa. Bi hiri horietan ikusgai egon ondoren, San Telmo Museora iritsi da argazki bilduma, eta bertan egongo da 2016ko urtarrilaren 6a arte.
Trantsizio garaian argazkigintza aldatu zuen argazkilari talde baten lanak bildu dituzte; sei guztira. Berez ez dute kolektibo jakinik osatzen, baina, Cristina Zelich erakusketaren komisarioak azaldu duenez, “guztiek ageri dute argazkiarekiko konpromiso zorrotz bat, sentipen argi bat, desagertzear edo aldatzeko zorian dauden bizimodu edo ohituren aurrean daudelako”.
70eko hamarkada amaiera eta 80ko hamarkadaren hasierako bizimodua, pertsonak, errituak edo uneak islatu dituzte argazkilariek. “Espainia landatarra da bereziki erakusten dena, baina ikonografia ofizialetik urrun, garai frankistak inposatutako estereotipoetatik urrun”, azaldu du Zelich-ek. Hala, argazkien artean ospetsu egin diren lanak bildu dituzte. Cristobal Hararen Zuri-beltzeko serieak edo Cristina Garcia Roderoren España oculta, esaterako. Beste batzuk agian ez dira hain ezagunak, baina “garai hura ulertzeko beharrezkoak” denak.
Koldo Chamorrok (Gasteiz, 1946 – Iruñea, 2009) baserri giroko bizimodua eta ohiturak bildu zituen, esaterako. Cristina Garcia Roderok (Ciudad Real, 1949) erritu eta ohitura herrikoiei begira jarri zuen bere kamera. Fernando Herraez-entzat (Cadiz, 1948) argazkigintza artea zen, eta kimika ikasketak albo batera utzi zituen inguruko bizimoduari begira jarduteko. Anna Turbau (Bartzelona, 1949), erakusketaren aurkezpenean izan da, bere lanak gertutik erakusteko. Galiziako bizimodua eta galiziarren izaera islatzen saiatu da bera. Ramon Zabalzak (Bartzelona, 1948), berriz, ijitoen kultura eta ohiturak islatu ditu.
Miren Azkarate Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak hitz joko bat egin du erakusketaren izenburuarekin; “ezin egokiagoa” dela esan du: “Askorentzat 70. hamarkada ez dago hain urrun, baina argazki hauetan erakusten den bizimodua, zenbait ohitura oso urrun geratzen dira. Ez naiz hain zaharra, baina zenbat aldatu diren gauzak”, esan du Azkaratek umorez. Erakusketaren karteleko argazkia hartu du adibidetzat. Emakume bat ageri da belauniko, apaizaren aurrean konfesatzeko zain.
Erlijio errituak, haurren jolasak, baserritarren lanak, egoera bitxiak, begirada adierazkorrak, emakumeak, garaiko janzkera… Herritarrak dira argazki guztietan protagonista, baina testuingurua ezagutzeko aukera ere ematen dute. Zuri beltzeko argazkiak dira guztiak, eta atzean utzitako uneak islatzen dituzte. “Gogoetarako argazkiak” direla nabarmendu du Azkaratek.
https://vimeo.com/118809161
Madrilgo La Fabrica eta Bartzelonako Foto Colectania fundazioarekin elkarlanean prestaturiko erakusketa da