Urriaren 29an egun osoko jardunaldi bat egingo dute Miramar jauregian.
Juan Jose Calvo, Aitziber San Roman eta Lide Amilibia, jardunaldien aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Jendartea gero eta zaharragoa da, eta zahartze prozesu hori ahalik eta modu orekatuenean egiteko neurriak hartu behar dira. Hala aldarrikatu dute
55+, Zahartze osasuntsu eta egokia jardunaldiaren aurkezpenean. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotzia, Lide Amilibia Gizarte Politikako sailburuordea eta Juan Jose Calvo, Sesosgi enpresako kidea izan dira aurkezpenean. Adineko pertsonen beharrez arduratzen den enpresa pribatua da Sesosgi, eta berak antolatu ditu jardunaldiak.
Zahartzaroaren inguruko uste oker eta
konnotazio negatiboak alde batera uzteko garaia dela esan du San Romanek: “Urteak betetzea oso albiste ona da, baina prestatu egin behar dugu modu duinean zahartzeko; jendartea egokitu beharra dago”. Prozesu horretan
hiru zutabe nagusi daudela adierazi dute:
osasuna, segurtasuna eta parte hartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko datuen arabera, adineko pertsonek
populazioaren %20 osatzen dute, eta kopuru hori handituz joango da. Jaiotze tasa berriz, 0,8koa da, eta belaunaldien arteko oreka lortzeko %2,1ekoa beharko luke. Amilibiak eman ditu datu hauek, eta “egoeraren isla” direla esan du. Zentzu horretan, adineko pertsonak gogoan, hiri eta
herri lagunkoiagoak sortzeko beharra azpimarratu du.
Zahartze aktiborako gakoak
Juan Jose Calvoren arabera, aurrerapauso nabarmenak eman badira ere, lan asko dago egiteko oraindik, ezagutzan batez ere. Zahartze osasuntsua eta egokia lortzeko bi gako azpimarratu ditu Calvok: parte hartzea edo jarduera eta elikadura. Bi ardatz horien inguruan egingo dituzte Miramar jauregiko jarduerak ere. Hona hemen egitaraua:
Urriak 29, osteguna
9:30ean, inaugurazio ekitaldia
10:00etan, Prebentzio neurriak burua osasuntsu mantentzeko, Amai Latiegi neuropsikologoarekin.
Ardo ona hartzearen onurak, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik.
11:30ean atsedena
12:00etan, Oinez egoki ikasten, Jordi LLopart-ekin. 1980ko olinpiar jokoetan zilarrezko domina lortu zuen.
13:30ean, egoki ibiltzeko saio praktikoa lorategian
15:30ean, Elikadura osasungarria saioa, Chelo Martinez medikuaren eskutik.
Nola zaindu gure burua eta nola sustatu gure osasuna, Conchi Molina geriatriako erizainarekin.
17:00etan, atsedena
17:30ean, Ariketa fisikoa egitearen onurak, Alvaro Casas geriatrarekin.
Nola zaindu dementzia duten pertsonak, Elena Fernandez Matiako geriatrarekin.
Saioak doan dira, baina parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Horretarako: 943219537 edo
secretaria@sesosgi.com.