Bertakoak nahiz kanpotik etorritakoak, mahai beraren inguruan
Azaroaren 22an egingo dute Bizilagunak programaren laugarren edizioa.
Begira inguruari! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu zure hiriko kaleetan barrena…
Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz?
Edo agian zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu eta lagunak izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehigo jakiteko…
Hitz hauekin hasten da Bizilagunak 2015 programaren eskuorria. Laugarren urtez bertako nahiz kanpotik etorritako familiak elkartuko dituzte otordu baten bidez. Aurreiritzi eta estereotipoak apurtu eta herritarren arteko topaketa atsegin bat sortzea du helburu jarduerak. Hala adierazi du Silvana Luciano, SOS Arrazakeriako kideak.
Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziaren esanetan, “hiri honen aberastasun handiena herritarrak dira, eta Bizilagunak bezalako programak oso garrantzitsuak dira guztiok berdinak garela erakusteko”.
Urtez urte gehiago dira programan parte hartzen duten herriak eta herritarrak. Lehen urtean 65 otordu egin zituzten, eta iaz 230 otordu, Euskal Autonomia Erkidegoan. Donostian, berriz, 70 otordu egin zituzten iaz. Aurten gainera, Grosek pisu handia izango du jardueran. Izan ere, bertako denda eta saltokietan etorkinen harrera plana sustatzeko kanpaina bereziak egin dituzte, eta lan handia egin dute Bizilagunak proiektua garatzeko ere; ia saltoki gehienek eman diote babesa.
Antolatzaileen arabera, parte hartzea irekia da, hau da, ez dute zehazten familia egitura nolakoa izan behar duen. Lagun kuadrilla bat, bikote bat, pertsona bat…”gogoa eta interesa izatea nahikoa da”, esan du Lucianok.
Azaroren 22an egingo dituzte bazkariak. Gainera, abenduaren 5ean, etxeetan modu intimoan bildutako familia eta lagun horiek guztiak Viktoria Eugenia antzokian elkartuko dira, Gipuzkoa Solidarioa jaian.
Bizilagunak programan parte hartzeko izenemate epea zabalik dago. Nahi duenak 943321811 telefonora deitu behar du, edo bestela sosracismobizilagunak@gmail.com helbidera idatzita.