Metroaren inguruko mozio bat aurkeztu du Bilduk hurrengo udalbatzarrean eztabaida dadin
Udal gobernuaren 'gardentasun eta fidagarritasun' falta salatu dute.
Donostialdeko metroaren proiektuaren kudeaketa kritikatu du EH Bilduk. Eusko Jaurlaritza, Eusko Trenbide Sarea (ETS) eta udal gobernuaren beraren “axolagabekeria” salatu ditu Axier Jaka zinegotziak. Proiektuaren inguruko azterketak “kontrajarriak” direla gaineratu du, eta hainbat adibide eman ditu.
“2012. urtean proiektua ez zela bideragarria argudiatuz, proiektua geldiarazi zuen Jaurlaritzak, eta orain berriro abiarazi dute, egindako aldaketak gutxienekoak izanda ere”, esan du Jakak. ETS-ren txostenen arabera, berriz, balizko erabiltzaileak gero eta gutxiago dira: “45 milioi ziren hasiera batean, gero 35 milioi, eta 2014ko txostenen arabera, 24 milioi”.
Aurrekontuetan ere halako kontraesanak ageri direla salatu du Jakak: “duela urte batzuk 140 milioikoa zen aurrekontua, azken txostenen arabera, 176 milioikoa”. Kopuru hori gero eta handiagoa izango denaren susmoa agertu du gainera Bilduk.
Udal gobernuaren “gardentasun eta fidagarritasun falta” ere salatu dute. Hiritarrengan “eragin zuzena” izango duen proiektua izango da metroarena Jakaren ustez, baina informaziorik ezak “herritarrak babesik gabe” uzten dituela gaineratu du. Donostialdeko metroaren proiektua aztertu eta eztabaidatzeko auzoetan egiten ari diren bilera irekietan herritarren ezinegona islatzen dela dio Jakak, eta 400 alegazio aurkeztu izana ere “esanguratsua” dela esan du.
Hau guztiagatik EH Bilduk mozio bat aurkeztu du datorren ostegunean, urriak 9, udalbatzarrean eztabaida dadin. Mozioaren bitartez EuskoTreneko lanen batzorde ez-iraunkorra lehenbailehen biltzea eskatu dute. Talde politikoez gain, herritarrek ere batzorde horretan parte hartzea nahi dute.
Bestalde, udal gobernuak “donostiarrentzako gardentasun eta informazio prozesu bat” bidera dezala eskatu dute. Proiektuaren inguruko informazioa eskaini eta alegazioei erantzuna ematea izango litzateke batzar ireki hauen helburua.
Azkenik, erakunde arteko jarraipen batzordean “donostiarren interesak” defendatzeko eskatuko diote udal gobernuari. Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta udaleko ordezkariek osatzen dute batzorde hau. Bilduren ustez, metroak zalantzan jartzen du hiriko mugikortasun eredua, eta bi garraio publikoren arteko lehia sustatu besterik ez du egiten.