'Txanpon bat Boliviara' lelopean, elkartasun lasterketa egin dute
Karmelo ikastetxeko ikasle, guraso eta irakasleek hartu dute parte.
Eguzkia lagun, Karmelo ikastetxeak ohiko elkartasun lasterketa egin zuen ostiralean, Anoeta estadioaren inguruan. Aurten, jarduera ikastetxe osora zabaldu dute; hortaz, ikastetxeko ikasle, guraso zein irakasleak elkartu ziren. ‘Txanpon bat Boliviara’ lelopean, jardueraren helburua elkartasuna esperientzia atsegin baten bitartez sustatzea da. Horretarako, parte hartu zuten korrikalari guztiek, proba amaitu ondoren, txanpon edo billete bat itsulapikoetan sartu zituzten.
Aurten bildutako dirua Karmelita Misiolarien Prokade izeneko GKEk Bolivian duen proiektu bati laguntza eskaintzeko erabiliko dute. Proiektu hau Cochabamba udalerrian kokatzen da. Bertan, muturreko pobrezia pairatzen duten ehun umeri euren oinarrizko betebeharrak asetzeko eraikitako haurtzaindegi bati laguntza eskaintzea xedea dute. “Izan ere, haur hauen gurasoek sos gutxi batzuk eskuratu ahal izateko, ez daukate seme-alabak zeinekin uzterik, goizetik gauera etxetik kanpo lanean aritzen diren bitartean. Honela, haur hauek bakar-bakarrik geratu ohi dira euren txaboletan, inongo zaintzarik gabe, eta maiz, jatekorik ere ez daukatela. Beraz, egoera larri honi aurre egiteko, haurtzaindegi berezi hau antolatu da, ume hauei guztiei gutxiengo zaintza, maitasuna, hezkuntza eta jana emateko asmoarekin”, azaldu dute Karmelotik.
Erronka hau gainditzeko, eta egoera tamalgarri honi konponbidea ematen saiatzeko, Karmelo Ikastetxeak honelako beste ekimen batzuk antolatu ditu ikasturte honetan zehar.



