Hiru euskal sortzailek Wroclawn garatu dituzten lanak erakutsiko dituzte ostegunean
Kaxilda liburu dendan eta Donostia 2016ren egoitzan ikusi ahal izango dira bihar arratsaldean Ainara Legardon, Jaime de los Rios eta Eneko Gilek Poloniako egonaldi artistikoetan egindakoa.
Hiru artista poloniarrak, bestalde, egunotan Donostian daude euren proiektuak garatzen. Mugikortasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta nazioarteko elkarlana bultzatuko dituzte proiektu honen bitartez. Adibidez, Aleksandra Walaszek eta Jaime de los Riosek Zurriola Ikastolako ikasleekin elkarlanaren eta teknologia berrien inguruko tailer bat garatu dute.
Lanak
DESIRA, ZEMENTU Ainara LeGardon Ainara LeGardonen lanak ahotsa, objektuak eta gorputza bera batzen ditu soinudun obra sortzeko. Oraingo honetan Donostia eta Wroclaw hiriak hartu ditu oinarri: kokaleku ezberdinak eta historiarekin interakzioa bilatu eta topalekuak sortu ditu hirien, biztanleen zein artisten artean. Proiektuak geltoki ezberdinetako bidaia egin du: hasteko bi hirietako soinuak jaso ditu artistak, soinu bereziak sortzen dituzten objektuak bilatu ditu hirietan, eta gidoi soinuduna osatu ostean, emaitzen interpretazioa eskaini du, eta horiek grabatu. Prozesu osoa bere blogean jaso du, eta hauxe da Wroclaweko egonaldi laburtzen duen bideoa. Egonaldiaren ondorioz Avant Art Festival, jaialdi ospetsuan parte hartzeko aukera izan du Ainarak, Dariusz Jackowskirekin eta beste hainbat poloniar artistekin batera (musikoak eta ikus-entzunezkoak lantzen dituztenak) . Vox Machinatione izena eman diote sortu den proiektuari, eta jarraipena izango du datorren urtean, grabazioak eta kontzertuak eginez. PIDGIN KULTURA PLUGIN Jaime de los Ríos Jaime de los Ríosek Wroclaweko egonaldiko koloreak, irudiak eta bizipenak uztartu ditu, lehen Euskara-Poloniera ikusizko hiztegia sortzeko. Bertan, ezinbestekoak diren 500 hitz baino gehiago daude, pidgin baten modura: oinarrizko hizkuntza bat, 2016a bezalako une historiko batean bi kulturen arteko harreman eta elkartrukea ahalbidetzen duena. Gainera, pidgin-a edo hizkuntza bera biztanle eta erabiltzaileek berauek sortu dute Twitter plataformaren bitartez. Pidgin kultura Plugin: elkarlanean sortutako ikusizko hiztegia, Twitter plataformako Donostia eta Wroclawko 4000 erabiltzaile baino gehiagoren artean sortua, honako esteketan ikus daiteke: facebook ; twitter. BRUNO. KANELA KOLOREKO DENDAK Eneko Gil Alberdi Bruno Schulz idazle poloniarraren Kanela koloreko dendak ipuin-liburuko pasarteetan eta unibertsoan oinarritutako dantza-soloa sortu du Eneko Gil Alberdik: Brunoren aita, Bruno bera, aitaren eromena, metamorfosia, loreak, deskribapenak, haurtzaroa, haurtzarora itzulera eta beste hainbat ideietan oinarrituta dago. Dantza soloak zubi lana egin du 2016ko Europako kulturaren bi hiruburuen artean: Donostia eta Wroclaw. Poloniar literatura Donostiara iritsi da dantza-solo baten bitartez, eta Wroclawek euskal dantzari batek poloniar idazle baten munduari mugimendua nola ematen dion ikusi du. Idazle poloniar bat eta dantzari euskaldun bat: bi mundu, bi errealitate, elkar ezagutzen ez duten bi tradiziok bat egin dute solo bakarrean. Bideo honetan ikus daiteke.HAIZEAREN ORRAZIA. DENBORAREN IZOZTUTAKO SOINUA
Denboraren iragatea, mugimenduan ikusia, kontzientziaren sinonimoa al da? Denborak, unibertsoan absolutua izanda ere, ez du edonon jario berdina. Nola entzun denbora? Nola desizoztu lehenaldia orainean? Parametro fisiko ugari eta baldintza sozialen azterketaren bidez, Lebik-en lanak erantzunak bilatzen ditu. denboraren erauzketarako metodo eta tresnak bilatzen ditu; Txillidaren Haizearen Orraziaren eskultura-multzoaren baitan harrapatua dagoen soinua bilatzen du. «Eduardo Txillidaren eskulturetatik denbora nola erauzi ikertzen» saiatu da Gerard Lebik, Haizearen orrazia. Denboran izoztutako soinua soinu-eskultura sortzeko prozesuan.
ERRETRATOAK
Anna Nosowiczen Erretratoak sailak Donostia eta Elgoibarko herritarrekin elkarrizketan aritzeko beharrari erantzuten dio. Bi hiri hauetako biztanleekin izandako solasaldien bidez, Nosoviczek hauen inguruko ikuspegi pertsonala eraiki du. Bakoitzaren berezitasunak inspiratuta, eta berak sortutako teknika baten bidez, argi-instalazio ikusgarri bat sortu du.
Anna Nosowiczen proiektuak hezkuntza-dimentsio garrantzitsu bat izan du, Elgoibarko Herri Eskolako ikasleekin garatutako mediazio-dinamika baten bidez.
PANORAMA
Panorama lurraldea inguratzen duen ikusle baten etengabeko begirada da. Leku bateko istorio bat beste leku bateko istorio bihurtuta. Norbere hiria beste nonbaiteko hiritar batek grabatutako kontakizunen bidez ezagutzeko parada ematen du.
Hiri bateko biztanleak hiriaren bihotzean kokatzen duen proiektua da. Hiri-paisaia batek ez baitu zentzurik kontakizunez hornitzen duen komunitaterik ezean.
Alexsandra Walaszek-en Panorama hiri «memorabiliaz» elikatzen da: kondairak, kontakizunak eta istorioak hartu eta topografia batean edo, hobe, kontakizunen geobiografia batean kokatuz. Espazio batzuen gaineko irudia eraikitzen laguntzen duten istorioak dira honakoak, harreman-mapa bitxiak eraikitzen laguntzen dutenak, eta forma ematen dioten ikuspegiei eragiten diotenak.