Manex Mujika eta Unai Gaztelumendi donostiarrek parte hartuko dute asteburuko final laurdenetan
Zestoan eta Ormaiztegin jokatuko dira saioak, larunbat eta igandean.
Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Jon Maia eta Nahikari Gabilondorekin ariko da bertsotan Manex Mujika amaratarra. Asier Iriondok aurkeztuko du Zestoako pilotalekuan jokatuko den saioa. Zestoan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 6an Eibarren jokatuko den azken finalaurrekorako.
Igandean Ormaiztegiko Zubipe pilotalekura iritsiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolari igoko dira oholtzara Unai Gaztelumendirekin batera: Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Felix Zubia, Iñaki Apalategi eta Maider Arregi. Lehen sailkatuak azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratuko du. Agin Laburu, Urretxu-Zumarragako irabazlea, dagoeneko sailkatuta dago saio horretarako. Iker Iriarte izango da saioko aurkezlea.
Joan den asteburuan Beñat Gaztelumendi anorgatarra aritu zen lehian Errenteriako saioan, eta irabazi egin zuen, 516 puntu lortuta. Larunbatean lehen final laurdenean Asier Azpiroz zubietarrak parte hartu zuen, Urretxu-Zumarragan. Agin Laburuk irabazi zuen, 516 punturekin. Zubietarra bosgarren geratu zen, 470, 5 punturekin.
Zestoan,urriaren 31n, eta Ormaiztegin, azaroaren 1ean, jokatuko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako azken bi saioak. Manex Mujika amaratarrak Zestoako pilotalekuan kantatuko du, eta Unai Gaztelumendi anorgatarra izango da fase horretan kantatuko duen azken donostiarra, Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan. Bi saioak 17.30ean hasiko dira. Ohi bezala, sarrerak aurrez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean.