Herritarren parte hartzea sustatu nahi dutela jakinarazi du alkateak, politika orokorreko udalbatzarrean. Langabezia eta etxebizitza aipatu ditu arazo nagusi gisa, eta Metroa eta AHTa «giltzarri» direla adierazi du.
Astearteko udalbatzarra. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urriko saioa ez ezik, politika orokorrari buruzko urteko udalbatzarra ere egin dute aste honetan; asteartean, hain zuzen ere. Udal gobernuak legegintzaldirako aurreikusitako asmoen berri jakiteko eta oposizioak horri buruz duen iritzia ezagutzeko eguna izan zen.
Hauteskundeetan botoa eta konfiantza eman zieten herritarrei eskerrak emanez hasi zuen Eneko Goia alkateak saioa. Kanpainan zehar auzoz auzo ibili zirela gogoratu zuen herritarren ekarpenak eta kezkak jasotzen, eta legegintzaldi honetan horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko direla esan zuen. Lehen aldiz,
legegintzaldi osoko gobernu programa idatziz aurkeztu du udal gobernuak, eta, astearteko saioan, programaren ideia nagusiak azpimarratu zituen Goiak.
Kanpainan hasitako bideari jarraituz, “politika egiteko modu berri bat” landuko dutela esan zuen. “Politika eta politikarienganako konfiantza berreskuratu behar dute herritarrek”, adierazi zuen. Horretarako, “gardentasuna, gertutasuna eta jarrera etikoa” izango dituzte ardatz.
Herritarren parte hartzea sustatuko du udal gobernuak, “hiri proiektu bateratu bat” sortzeko.
Aurrekontuak ere modu parte hartzailean egingo dituztela aurreratu zuen Goiak: “Datorren urteko aurrekontua dagoeneko zehaztua dago, baina datozen urteetakoak herritarren beharrak eta ekarpenak kontuan hartuta zehaztea da gure asmoa”.
Alkateak agerraldia baliatu zuen datorren urteko aurrekontuaren kopurua jakinarazteko. 313 milioi eurokoa izango da.
10.057 langabe
Langabeak ere gogoan izan zituen bere diskurtsoan. 10.057 langabe daudela esan zuen, eta zenbakien atzean izen abizenak daudela gogoratu. Horregatik, udal gobernuaren lehentasuna “hiriaren etorkizun ekonomikoa bermatzea” izango dela aurreratu zuen. Halaber,
zerbitzu publikoak bermatu eta jardun ekonomikoari bultzada emateko lehenik aberastasuna sortu behar dela berretsi zuen Goiak. Udal gobernuarentzat
ezagutzaren eta berrikuntzaren hiria da Donostia, eta erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa dela uste du enpresa proiektuak abiarazteko. Goiaren esanetan, “hiriko industriagune eta teknologia parkeei bultzada ematea oso garrantzitsua da”.
Merkataritza, ostalaritza eta turismoa dira udal gobernuarentzat hiriko ekonomiaren beste hiru zutabeak. Saltoki txikien beharrei erantzun eta auzo guztietako dendei laguntzea aurreikusi dutela nabarmendi zuen, “auzorik apalenetan ahalegin berezia eginez”. Bestalde, udalarenak diren merkataritza gune nagusiak, Arcco Amara, San Martin eta Bretxa, esaterako, biziberritzeko asmoa erakutsi zuen Goiak.
Turismoa “etorkizuneko indarguneetako bat” izango dela adierazi zuen, eta 2016a urte erabakigarria izango dela gaineratu, nazioarteko merkatuan hiriari bultzada emateko. Dena dela, horretarako “hiria prestatu beharra” dagoela azaldu zuen alkateak, eta horretarako irisgarritasuna hobetzea ezinbestekotzat jo zuen.
Metroa eta AHTaren proiektuak “giltzarri” direla esan zuen.
Euskarari ere garrantzia handia emango diotela iragarri zuen. Aurreko legegintzaldian euskararen erabileran eta normalizazioan Bilduk egindako urratsak nabarmendu zituen Goiak, eta bide beretik jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, VI plana garatuz. Herritarren nahiz administrazioan
euskararen erabilera sustatzeko beharraz hitz egin zuen.
Hirigintza egitasmoei dagokienez,
etxebizitzen prezioa “kezkagarria” dela onartu zuen. Txomin Eneako proiektua nabarmendu zuen, eta hemen ere aurreko gobernuak egindako lana azpimarratu zuen.
Azkenik,
bakea eta elkarbizitzaren aldeko apustua nabarmendu zuen. Bizikidetzak hobera egin badu ere, normaltasunaren bidean lan asko dagoela egiteko esan zuen Goiak.
Oposizioarentzat, “eskasa”
Alkatearen ordubeteko agerraldiaren ondoren, oposizioko alderdietako bozeramaileek hartu zuten hitza. Bilduko ordezkari Amaia Almirallen arabera, “desengainua” hartu dute datozen urteetako programarekin, “eskasa” delako. Parte hartzea oinarri hartuko dutela esatea gogor kritikatu zuen: “Ez da bidezkoa, aurreko legegintzaldian parte hartze prozesu baten bidez hartutako erabaki asko atzera bota dituzuelako”.
PPko bozeramaile Miren Albistur bereziki kritikoa izan zen alkatearekin. Bilduren legegintzaldian “hiria geldirik” egon dela esan zuen, eta jeltzaleengan jarri zuen ardura.
Irabazi Donostiako bozeramaile Amaia Martin ere kritikoa izan zen. Etxebizitzen kasua aipatu zuen: “Ez da beharrezkoa etxebizitza gehiago egitea, daudenak egoki kudeatzea baizik”.